Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena antolatuko du Donostian urriaren 8an. Debagoienetik autobusak antolatu dituzte; zehazki, Aretxabaletatik, Arrasatetik, Oñatitik, Bergaratik eta Antzuolatik aterako dira 10:00etan, eta izena eman beharko da aurretik ohiko lekuetan. Donostiatik bueltatzeko, berriz, bi aukera eman dituzte: 20:30ean itzultzea edo 02:30ean.
Bi mezu egunean aldarrikatzeko
Urriaren 8an bi mezu azpimarratu nahi dituztela azaldu du Sarek. "Euskal presoak etxetik gero eta gertuago daude eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauzatzeko prest gaude. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrera urrats hori ospatuz" , azaldu dute lehenik eta behin. Bestetik, oraindik "salbuespenarekin amaitzeko bidea egiteke dagoela" gogorarazi nahi du eta "bidean jarraituko duela" nabarmendu.
Askotariko ekintzak
Ilunben, txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea –Porrotx eta lagunen ikuskizuna, oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa…– eta kontzertuak izango dira.
Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi edota Trikidantz taldeak igoko dira oholtzara. Jaialdirako sarrerak oraindik eskuragarri daude webgunean.