Gipuzkoan 13.192 pertsonari zuzenean eragiten dien gaitza da Alzheimerra, eta baita 39.576 senide zaintzaileri ere beste modu batean. Afagi elkartearen esanetan, baina, 2050ean 36.790 pertsonari baino gehiagori eragingo die, eta 116.370 senide zaintzaileri baino gehiagori.
Hala, kontzientzia zabaldu eta gizartearen sentsibilizazioan eragiteko, datozen asteetan, kanpaina bat abiatuko dute Gipuzkoan –hitzaldi eta informazio-mahaiekin– Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten familia eta pertsonengana hurbiltzeko. Kanpainaren leloa Alzheimerraren ibilbidean jarduten dugu da, eta gaitzaren etapa bakoitzak duen garrantzia azpimarratu nahi dute: gizarte-kontzientziazioa, gaixotasunaren prebentzioa, detekzio goiztiarra, diagnostikoa, tratamendu integrala, pertsonalizatua eta jarraitua eta, azkenik, doluaren fasea.
Elkarteko kideak zapatuan, hilak 24, Arrasatera etorriko dira informazio-mahaia jartzera. Urriaren, 14an, berriz, Bergaran, hitzaldia eskainiko dute.