Oso derbi berdindua, lehiatua eta fisikoa izan da gaurkoa. Agorrosin baino txikiagoa da Ipintza, eta horrek zaildu egiten du baloia behar den moduan mugitzea. Gaurkoan agerian geratu da hori eta baloi luzeak eta bigarren jokaldiak izan dira nagusi. "Bagenekien partidu lehiatua izango zela, ezohiko zelai batean, gainera", adierazi du Iñigo Arizmendiarrieta Mondrako jokalariak. "Lehen partidua galduta, garrantzitsua zen gaur ez galtzea eta hori, behintzat, lortu dugu. Sentsazioak hartzen ari gara pixkanaka", gaineratu du.
Lehen zatian izan dira bi taldeen aukera garbienak. Lehenengoa, Mondrak, baloia langara bidalita eta gero, berriz, bergararrek egin dute langarekin topo. Gainerakoan, aukera garbi gutxi eduki dituzte, ate batean zein bestean, eta gol barik amaitu da partidua.
Xabi Azpiazu Bergarako jokalariak aitortu du, denboraldi hasiera izanik, fisikoki ez daudela mailarik onenean oraindik. "Aukera dezente egon dira bi aldeetan, zelai txikia delako, baina partidu eskasa izan da". Hala ere, ontzat eman du lortutako puntua eta hirugarren jardunaldiari begira jarri da dagoeneko. "Gustatuko litzaiguke puntu gehiagorekin egotea bigarren jardunaldian, baina ez daukagu besterik. Denboraldia luzea da oraindik eta lanean jarraitu beharra daukagu".
Aloñak eta UDAk, bihar
Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan, Aloña Mendik Hernani hartuko du bihar Antzuolako Eztala futbol zelaian (Azkoagainen lanak egiten ari dira. 16:30ean hasiko da partidu hori eta ordu erdi lehenago, 16:00etan, Lagun Onaken zelaian jokatuko du UDAk.
Leintz Arizmendik, garaipena
Emakumezkoen Erregional Ohorezko mailan, bestalde, garaipen garrantzitsua lortu du Leintz Arizmendik etxetik kanpo, Urnietan (2-3), ligako lehen jardunaldian.