Emakume Master Cup-en erroak partekatzen dituen txapelketa antolatu du Jaurlaritzak, EAEko hiru hiriburuen babesarekin: 3 Hiriburuak. Bertan, momentuko pilotari onenak egongo dira; tartean, elite mailan lehiatuko diren Bergara, Barrocal, Etxegarai eta Oses.
Txapelketa irekia da, eta horrek esan nahi du federatuta ez dauden pilotariak ere eman dezaketela izena. 60 pilotarik hartu ahal izango dute parte guztira, lau mailatan banatuta. Pilota goxoarekin jokatuko dute gazte eta nagusi mailetakoek eta mistoarekin, aldiz, gazteak eta elite mailakoak.
Datei dagokienez, urriaren 2an final laurdenetako partidak jokatuko dira, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Finalerdiak, berriz, astebete beranduago jokatuko dira, Bilboko Deportivo pilotalekuan, eta finala Donostiako Atano III.ean izango da, urriaren 16an.