Ligako bigarren jardunaldian Bergarak eta Mondrak derbia jokatuko dute. Bi taldeak liga hasiera zuzentzeko gogoz egongo dira, joan den astean bai mahoneroek eta baita zuri-moreek galdu egin zutelako. Arrasatekoek 1-2 Lagun Onaken kontra Mojategin, eta Bergararrek 1-0 Zarautzen. Hala, norgehiagokako berezitasunetako bat izango da joko-lekua, Agorrosingo zelai naturalean beharrean –obrak ez dituzte amaitu oraindik– Ipintzako zelai artifizialean jokatuko dutelako (zapatua, 16:00, Ipintza). Hala, zelai horretako neurrietara ondoen egokitzen denak asko izango du irabazita.
Aloña Mendik, Eztalan
Aloña Mendi izan da liga ondo hasi duen ordezkaria, joan den astean Aretxabaletaren kontrako lehian nahiz eta markagailuan atzetik joan txantxikuak norgehiagoka irabazteko kapaz izan zirelako (1-2). Domekan, berriz, oñatiarrek Hernaniren kontra jokatuko dute eta horiendako ere partidu bitxia izango da, Azkoagainen lanetan dihardutenez, partidua Eztalan –Antzuolan– jokatuko dutelako (16:30). Azkenik, Aretxabaletak ere liga ondo hasi duen Lagun Onaken zelaian jokatuko du, domekan (16:00, Garmendipe).
Emakumezkoak ere bai
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, asteburuan hasiko dute liga eta aurten ere Bergarak eta Leintz Arizmendik ordezkatuko dute ibarra kategoria horretan. Hala, asteburuan biek jokatuko dute etxetik kanpo. Bergararrek Lesakan zapatuan (16:00) eta Arizmendikoek ere zapatuan, Urnietan (15:30).