Lehen zatia lehiatua izan da Ibarrako futbol zelaian. Aloña zertxobait hobeto zelairatu arren berehala parekatu dira indarrak eta etxeko taldeak lortu du gola egitea hamazazpigarren minutuan. Eskuin hegaletik egindako jokaldi on baten ostean, Jon Unanuek buruz egin du bat eta hutsekoa. Golak ez die eragin Aloñakoei. UDAk trantsizio azkarretan min egitea lortu du, baina oñatiarrek ere izan dituzte neurketa berdintzeko aukerak, atsedenaldira ordea, bat eta hutseko emaitzarekin iritsi dira.
Lehen zatian sartu ez dituztenak bigarrenean iritsi dira Aloña Mendirentzat. Aldageletatik bueltan berehala lortu dute markagailua berdintzea, 51. minutuan, UDAko jokalari batek baloia bere atean sartu ostean. Bigarren zatian ere berdintasuna izan da nagusi berdegunean, baina ate aurrean asmatu dutenak kanpotarrak izan dira. Baloi geldikako jokaldi batean iritsi da Aloñaren bigarrena. Hegaleko falta jaurtiketa batean atzera pasea eta Auritz Larreak ederki aprobetxatu du aukera baloia sareetara bidaltzeko. Unai Calzonen taldea saiatu da neurketa berdintzen baina azkenean esku hutsik gelditu dira eta denboraldiko lehen derbia Aloña Mendirentzat izan da.
Bergarak eta Mondrak galdu
Gaur arratsaldeko 17:00etan zuten hitzordua mahoneroek Zarautzen eta ezin izan dute punturik batu bat eta huts galdu ostean. Liga jardunaldia ordea atzo hasi zen gure taldeentzat. Mondrak, Lagun Onak izan zuen bisitari Mojategin eta hiru puntuak Azpeitia aldera egin zuten, bat eta bi galdu ostean. Kanpokoak huts eta bi aurreratu ziren markagailuan, baina Iñigo Arizmendiarrietak sartutako golak itxaropena eman zien arrasatearrei. Amaieran ordea, esku hutsik gelditu ziren zuri-moreak.