Futbol denboraldia hasteko, derbia

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ira. 8a, 16:29

Aretxabaletako eta Aloña Mendiko jokalariak lehian, aurreko denboraldiko Ibarrako derbian.

Asteburuan hasiko da liga Ohorezko Erregional mailan, Aretxabaleta, Mondra, Bergara eta Aloñarekin. Aretxabaletarrek eta oñatiarrek elkarren kontra ekingo diote lehiari; Mondrak Lagun Onak hartuko du etxean eta Bergarak Zarautzen jokatuko du.

Sei baja izan ditu Aretxabaletak, eta kanpotik etorritako lau jokalarirekin eta herrikoekin ordezkatu dituzte. "Bizpahiru gazterekin ere ibili gara denboraldiaurrean, eta maila ona eman dute", dio Unai Calzon entrenatzaileak. Lagunartekoetako jokoarekin "gustura" agertu da.

Denboraldi hasierak beti zailak direla dio, baina aurtengoa bereziki izango dela, bi derbi izango dituzte-eta lehen hiru jardunaldietan –Aloñarekin, domekan, 16:30ean, Ibarran–: "Neurketa bereziak dira, eta edozein aldetara eror daitezke".

Aloñaren hasiera ere "nahi baino gogorragoa" da, Garikoitz Nuñez entrenatzailearen esanetan: Hernani, etxean –Antzuolan jokatuko dute–, eta Hirugarren Mailatik datorren Beti Gazte gero, Aretxabaletarekin estreinatu ondoren: "Aretxabaleta beti dago gora begira, baina ezin da baztertu hara joan eta irabaztea".

Nuñezentzat lehen urtea da talde nagusiarekin –baina bi egin ditu bigarrenean; kategoriaren berri ere badu–, eta aldagelan ere izan dira aldaketak. Bost jokalarik utzi dute, eta gazte mailakoak iritsi dira: "Osooso gustura nago eurekin". Denboraldiaurreko lanarekin ere pozik dago legazpiarra.

Mondrak Lagun Onaken kontra hasiko du liga –zapatuan, 16:30ean–. Azpeitiarren bigarren taldea da, gorengo mailatik igo berria, baina arriskutsua, arrasatearren entrenatzaile Cristian Matiasen arabera, hainbat jokalari Hirugarren Mailakoekin entrenatzen direlako: "Oso talde fisikoa da".

Denboraldira begira dio jokalari gakoak galdu dituztela, eta nahi izan arren ezin izan dutela fitxaketarik egin –atezain bat ekarriko dute–: "Etxekoekin egin beharko dugu aurrera".

Bergarak Zarautzen hasiko du liga, zelai zailean –paretsu amaitu zuten aurreko sasoia–. "Abuztu hasieratik ari dira entrenatzen", dio Iker Ruiz de Larramendik. Bi derbi gero: Mondra, etxean –non jokatuko den ez dago zehaztuta–, eta UDA.

26 urteko entrenatzaile berria –etxeko lehena, hamabi urtean– gustura dago denboraldiaurrearekin, eta "ahalik eta goren" geratzen saiatuko direla dio.

UNAI CALZON, UDA-KO ENTRENATZAILEA

"Ilusio eta gogo handiz gaude, betiko moduan, lehian hasteko, hori da-eta gustatzen zaiguna. Aurreko denboraldia oso ona izan zen, eta aurtengo helburua iazko maila hobetzea izango da. Talde oso gaztea daukagu, iaz bezala; aurreko denboraldian ikusi gura genuen noraino irits gintezkeen, eta lau puntu baino ez zizkigun atera bigarrenak. Zaila izango da neurri horretara iristea, baina hori izango da gure asmoa. Osatu dugun jokalari multzoaren maila iazkoaren antzerakoa dela esango nuke".

CRISTIAN MATIAS, MONDRAKO ENTRENATZAILEA

"Aurtengo urtea zaila izango da, aurrekoa baino zailagoa: taldeek ezagutu egiten gaituzte dagoeneko, eta erronka handiagoa dugu aurreko sasoikoa kasualitatea izan ote zen edo talde ona genuelako izan zen erakusten. Nik uste dut bigarrena dela. Kostaldeko taldeekiko desabantailarekin hasiko dugu liga, eurek askoz lehenago ekiten baitiote denboraldiaurreari; lehen partiduak gure antzerako egoeran dauden taldeekin jokatuko ditugu –Bergara da hurrengo aurkaria–, eta gaitz erdi".

IKER RUIZ DE LARRAMENDI, BERGARAKO ENTRENATZAILEA

"Entrenatzaile berria naiz, baina bigarren taldean eta gazte mailakoan ibilia, eta horrek erraztu egiten du; jokalari hauekin aritutakoa naiz, jokatu ere egin dut batzuekin, eta nire ideia ezagutzen dute. Iaztik baja batzuk egon dira, eta kanpotik etorritako hiru lagunekin eta bigarren taldekoekin ordezkatuko ditugu. Zelaia ere, berria, belar artifiziala, baina uste dut gure jokorako aproposa izango dela. Iazko bigarren itzuli onari jarraipena eman nahi diogu, nahiz eta aldaketek denbora behar izan".

GARIKOITZ NUÑEZ, ALOÑAKO ENTRENATZAILEA

"Taldeko gehiengoak urtetxo batzuk badaramatza kategorian, ezagutzen dute, ez dira berriak. Lasaitasuna ematen du horrek, eta, momentuz, gustura nago; gero ikusiko dugu denboraldiak non jartzen gaituen. Gure helburua, herriko jokalariekin jokatzen dugun taldea izanda, mailari eustea izango da; eta, ahal bada, lasaitasun puntu batekin. Aurreko sasoian partidu bakarra irabazi zen kanpoan, apiril bukaeran-edo, eta horrela ez da erraza, nahiz eta azkenean helburua lortu. Ea lasaiago ibil gaitezkeen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak