Zaurgarritasun egoeran dauden Debagoieneko ia 200 ikasleri banatu die eskola-materiala Gurutze Gorriak

Mirari Altube Arrese 2022ko ira. 8a, 10:54
Debagoieneko Gurutze Gorriko boluntarioak eskolarako materiala gertatzen.

Bailarako 195 ikaslek jaso dute eskolarako materiala egunotan, Debagoieneko Gurutze Gorriaki esker. 2018an jarri zuten abian ekimen solidario hori, eta ordutik, 1.000 ikasleri baino gehiagori bideratu diete laguntza; aurten, esaterako, iaz baino 21 eskaera gehiago jaso dituztela jakinarazi dute.

Ekimen hori Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Antzuolako Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan garatzen du Gurutze Gorriak. Laguntza jaso ahal izateko familia eskatzaileek Debagoienean bizi behar dute, kalteberatasun-egoera aitortua izan, udaletako gizarte-zerbitzuek artatu behar dituzte eta seme-alabak matrikulatuta izan behar dituzte lehenengo edo bigarren hezkuntzako ikasturteetan.

Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak ekimenaren helburua azaldu du: "Familia batzuek bizi duten prekarietate-egoeraren jakitun seme-alaben eskola-materialaren beharrei erantzutera bultzatzen gaitu, haien hezkuntza bultzatzeko helburuarekin, nahiz eta zailtasun gehigarriak izan". Eta gaineratu du eskaerak %12 hazi direla aurten.

Ekarpen partikularrak eta enpresak

2022-2023 ikasturterako eskola-materiala banatu ahal izan dute herritarrek egindako ekarpen partikularrei, Gurutze Gorriko bazkideen konpromisoari eta uztailean egindako Urrezko Zozketaren diru-bilketari esker. Hala jakinarazi du Igartuak: "Eskerrak eman nahi ditugu jasotako dohaintza guztiengatik, horrelako ekimen solidarioak garatzeko aukera ematen dutelako".

Era berean, ekimen solidario horretan parte hartu duten hamabost boluntarioen lana ere eskertu gura izan dute, baita ekimena garatu den
Debagoieneko udalerrietako gizarte-langileekin izandako lankidetza estua balioan jarri ere.

Borondatezko jarduera

Eskualdeko ia 100 boluntariok osatutako taldeak dihardu lanean Debagoieneko Gurutze Gorriaren bueltan, hainbat eratako jarduerak eta  proiektuak garatzen. Oso talde heterogeneoa da, gainera, 18 urtetik 70 urtera bitarteko herritarrek osatua.

Gurutze Gorriak Debagoienean garatutako ekimenen gaineko informazio gehiago jakin gura izanez gero Elorregin (Bergara) duten egoitzara jo daiteke, telefonoz deitu –943 76 55 76– edo mezu bat bidali –altodeba@cruzroja.es–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak