Europako Triatloi txapelketetan "gure koloreak" janztea eskatu dute euskal kirolariek

Hasier Larrea 2022ko abu. 15a, 15:57
Gu ere bai! mugimenduko kideak, Bilboko Miribilla frontoi aurrean egindako deialdi batean.

Euskal selekzioek nazioartean ofizialki parte hartzeko Gu ere bai! mugimenduak adierazi du "Euskal Herriko kirolariok gure selekzioarekin eta janzkera propioarekin parte hartu beharko genukeela lehiaketetan". Bilbon irailaren 17tik 24ra bitartean egingo den Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketaren harira zabaldu du mezua, partaideak "uniforme rojigualdo espainiarra edo trikolore frantsesa" janztera behartzen dituztelako.

Irailaren 17tik 24ra jokatuko dira Bilbon Kirol Anitzeko 2022ko Europako Triatloi Txapelketak. Europa osotik etorritako hiru mila atleta espero dira  triatloi, duatloi, akuatloi eta antzeko probetan.

Gipuzkoako Triatloi Federazioko eta Antxintxika Debagoiena Triatloi Taldeko ordezkariek, Gu ere bai! plataformaren bitartez, "euskal kirolari guztiak Espainia edo Frantziako ekipazioarekin parte hartzera" behartu nahi dituztela salatu dute: "Espainiako Triatloi Federazioarekin (FETRI) kontsultatu dugu eta erantzun digute uniformetasun araua betetzen ez duena deskalifikatu egingo dutela eta lehiaketatik kanpo utzi, hasi baino lehen ere bai".

Horren harira, kirolari askori "iraingarria eta umiliagarria" iruditzen zaie "Euskal Herriak antolatzen eta ordaintzen duen txapelketa batean" horrelako baldintza bat ezartzea. Izan ere, Euskal Herriko kirolariek "gure selekzioarekin eta janzkera propioarekin parte hartu beharko genukeela"
uste dute; baita, besterik ezean, bakoitzak bere klubeko jantziarekin edo nahi duenarekin parte hartu ahal izatea bermatu beharko litzatekeela ere.

Beraz, parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da herrialde bakoitzeko uniforme ofiziala erostea eta erabiltzea: "Eta ez selekzioetako edo eliteko kirolariek bakarrik, atleta popularrek ere bai, guzti-guztiek
(Open frogan izan ezik); beste modu batera esanda, euskal kirolariok uniforme rojigualdo espainiarra edo trikolore frantsesa janztera behartzen gaituzte".

Eskaria instituzioei

Era berean, Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari, Bilboko udalari, alderdi politikoei, Triatloi Federazioei eta kirol talde ezberdinei indarra egin dezatela eskatu diete, "bidegabekeria hau gauzatu ez dadin". Aldi berean, txapelketetan parte hartzera animatzen dituzte Euskal Herriko atletak, eta "zentzuzkoa den eskakizun hau azkeneraino" eramatera.

Azkenik, honako hau argitaratu dute Gu ere bai! mugimenduko kideek:
"Gauza bat da segurua, irteera puntuan egongo garela modu batera edo bestera. Gure koloreak eta aldarrikapenak kirol frogan egongo dira. Espero dezagun zentzua nagusituko dela eta parte ahal izango dugula beste guztien baldintza berdinetan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak