Hiru derbi lehen hiru neurketetan, Ohorezko Erregional mailako denboraldi berrian

Jon Irizar Aranguren 2022ko abu. 11a, 11:32
UDA eta Aloña Mendi arituko dira nor baino nor gehiago lehen jardunaldian Ibarran. (Argazkia: Imanol Soriano)

Astean argitaratu du Gipuzkoako Futbol Federazioak Ohorezko Erregional mailako 2022/2023 denboraldiko egutegia. Aurten ere lau talde debagoiendar arituko dira probintziako maila gorenean: Aloña Mendi, Bergara, Mondra eta UDA. Zozketak hala erabakita, lehen hiru jardunaldietan jokatuko dira txapelketan ikusi ahal izango diren hamabi derbietako hiru.

Abuztuan zehar ekin ohi dituzte talde kiroletako jokalari ez profesionalek denboraldi berriari begirako prestaketa lanak; bailarako futbol taldeak horren adibide. Futbol zelaien egokitzeak tarteko –Agorrosin, Azkoagain zein Ibarrako berdeguneak aldatzen dihardute udan–, aurtengoan modu aldrebesean, gainera. Lehiaketa ofizialetako egutegiek, baina, ez dute soropilen aldaketekin zerikusirik, eta Gipuzkoako Futbol Federazioak jada publiko egin du denboraldi berriko egutegia.

Zozketak hala erabakita, lehen hiru jardunaldietan hiru derbi jokatuko dira. Iraileko bigarren asteburuan jarriko da probintziako futbol maila gorena martxan, eta UDAk eta Aloña Mendik elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Astebete geroago Bergara eta Mondrari helduko zaie elkarren aurka jolasteko txanda, eta hirugarren astean, berriz, aretxabaletarrek bergararrak jasoko dituzte. Ikusteke dago, baina, lehen neurketa hauek ohiko berdeguneetan jokatuko diren; Goienak jakin ahal izan duenez, litekeena da Agorrosin eta Azkoagain denboraldi hasierarako prest ez izatea, eta ondorioz, bi taldeek etxeko lehen neurketak Bergara eta Oñatitik kanpo jokatzea. 

Derbien egutegia

Orotara, hamabi derbiz gozatu ahal izango dute futbol zaletuek aurtengo denboraldian ere; abenduan salbu, gainerako hilabete guztietan jokatuko dute bailarako bi taldek elkarren aurka. Bataz beste, hiru jardunalditik behin. Hona neurketa horien guztien egutegia:

  • 1. jardunaldia (2022/09/11): UDA-Aloña Mendi
  • 2. jardunaldia (2022/09/18): Bergara-Mondra
  • 3. jardunaldia (2022/09/25): UDA-Bergara
  • 8. jardunaldia (2022/10/30): Mondra-UDA
  • 12. jardunaldia (2022/11/27): Bergara-Aloña Mendi
  • 17. jardunaldia (2023/01/15): Aloña Mendi-Mondra
  • 18. jardunaldia (2023/01/22): Aloña Mendi-UDA
  • 19. jardunaldia (2023/01/29): Mondra-Bergara
  • 20. jardunaldia (2023/02/05): Bergara-UDA
  • 25. jardunaldia (2023/03/12): UDA-Mondra
  • 29. jardunaldia (2023/04/23): Aloña Mendi-Bergara
  • 34. jardunaldia (2023/05/28): Mondra-Aloña Mendi

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak