Gaztela eta Leongo El Rebollar-eko tiroketa zelaian olinpiar modalitateko Espainiako plater-tiroketa txapelketak jokatu dira egubakoitzetik domekara. Bost mailatan banatuta –lehena, bigarrena, hirugarrena, laugarrena eta egokitua–, ia hirurehun kirolari aritu dira lehian; tartean, hainbat debagoiendar.
Guztien artean, Unai Axpe arrasatearrak lortu du emaitza aipagarriena. Aramaioko Kurtzeta-Gain taldeko kide den bedoñarra bigarren mailan aritu da, eta 125etik 119 plater hautsita lortu zuen finalerako txartela. Garaipenaren borrokan, baina, irabazleak baino plater bat gutxiago apurtu zuen debagoiendarrak: 32. Hala, Espainiako azpitxapeldun berria da Axpe.