%50 merkeagoa izango da Mugi txartelarekin bidaiatzea irailetik urte amaierara arte

Jon Irizar Aranguren 2022ko abu. 5a, 14:23

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak atzo egindako ezohiko batzarrean onartu zuen neurria: garraio publikoan Mugi txartelarekin egindako bidaiak %50 merkeagoak izango dira irailaren 1etik aurrera. Indarrean dauden egindako bidai kopuruen deskontuei proportzionalki aplikatuko zaie hobari berria.

Egoera sozioekonomikoaren aurrean hartutako neurri gisa, ekainean iragarri zuen Espainiako Gobernuak garraio publikoan %30eko beherapenak aplikatuko zituela estatu osoan, eta autonomia erkidegoen eta tokiko erakundeen menpe utzi zuen hobariak %50eraino igotzea. Eusko Jaurlaritzak uztailean iragarri zuen neurri hori aplikatzea, eta Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundiek ere ezarri zuten neurria beraien eskumenen menpe zeuden zerbitzuetan.

Gipuzkoa izan da zerrendara batzen azkena. Atzo egin zuen ezohiko batzarra Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, eta erabaki zuten garraio publikoan Mugi txartelarekin egindako bidaiak %50 merkeagoak izango direla estatuko gobernuak ekainaren 25ean Errege Lege Dekretu bidez onartutako epealdian. Ondorioz, irailaren 1etik urtea amaitu bitarte izango dira hobariak.

Rafaela Romero Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidenteak adierazi zuenez, "herritar guztiei mugikortasun-eskubidea bermatzeko" hartutako erabakia da, eta hitz eman du abenduaren 31tik aurrera ere "justizia sozialaren eta ekitatearen alde" lanean jarraituko dutela.

Deskontuak

Mugi txartelarekin egindako bidaietan egun indarrean dauden bidaia kopuruen deskontuei gehituko zaie aipatutako hobaria; hots, %50eko deskontua proportzionalki aplikatuko zaie egun txartela erabiltzeagatik dauden abantailei. Honakoak izango dira, ondorioz, deskontuak:

  • 1-20 bidaia artean: egungo %48ko deskontua %74ra handituko da.
  • 21-50 bidaia artean: egungo %58ko deskontua %79ra handituko da.
  • 51 bidaiatik gora: egungo %90eko deskontua %95era handituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak