Ariguneak osatuko dituztela adierazi dute sei finantza entitatek

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko uzt. 28a, 14:48

Laboral Kutxa, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Bankoa-ABANCA, BBVA eta Caixabank entitateek euskararen erabilera areagotzen jarraituko dutela berretsi dute gaur goizean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan. Laboral Kutxaren ordezkaria Nuria Agirre aretxabaldarra izan da, Laboral Kutxako Pertsonak eta Baliabideak saileko zuzendaria.

Ahalik eta bulego gehienetan ariguneak sortuko dituztela adierazi dute sei finantza entitaten gaur, hilak 28, goizean Bilbon egin den ekitaldian. Parte-hartzaileek nabarmendu dute banketxeen eta bezeroen arteko harreman hizkuntza euskara izateko finantza erakundeek egiten duten lana ikusarazten duela Euskaraldiak.

Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzailea da, eta nabarmendu du halako entitateak euskararen erabilera bultzatzeko eragile garrantzitsua izan daitezkeela. Horregatik, esker hitzak izan ditu erakundeentzat erronka berriak proposatzen eman duten urratsarengatik. Halaber, berretsi du egunero erabiltzen diren zerbitzuetan euskaraz lasai hitz egiteko eremuak eskaintzen direnean, euskararen erabilera handitu egiten dela.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Bingen Zupiria sailburuak hainbat arrazoi azpimarratu ditu erakundeen parte hartzearen garrantziaz hitz egiterakoan: herritarrengan izan dezaketen eragina, ariguneen ikusgarritasuna eta hiriguneetan duten rola, besteak beste.

Goiatz Urkijorekin eta Bingen Zupiriarekin batera Laboral Kutxa, Kutxabank, Nafarroako Rural Kutxa, Bankoa-ABANCA, BBVA eta Caixabank entitateetako ordezkariek hartu dute parte ekitaldian. Nuria Agirre aretxabaldarra, Laboral Kutxako Pertsonak eta Baliabideak saileko zuzendaria  izan da entitate horretako ordezkaria.

Maiatzaren 18tik eman dezakete Euskaraldian parte hartzeko izena era guztietako eragileek. Era berean, herritarrek irailaren 28tik aurrera ahobizi eta belarriprest roletan eman ahal izango dute izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak