Gaur egindako prentsa agerraldian hiru diputatu nagusiek, horien artean Markel Olanok, eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu dute parte. Adierazi dute Euskal Autonomi Erkidegoko zergadun guztiak izango direla onuradunak eta gaineratu "intentsitate handiagoa izango duela zaurgarrienen kasuan".
Deflaktazioa
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) tarte guztiak % 4 deflaktatzea dakar lehenengo neurriak. Horren helburua da zerga horren ordainketa egungo egoera ekonomikora egokitzea, inflazioaren ondorioz egiten diren soldata igoerek faktura fiskala handitzea eragin ez dezaten. Gogorarazi dute foru ogasunek % 1,5 deflaktatu zutela PFEZa urte hasieran; hortaz, deflaktazioaren zifra guztira % 5,5ekoa izango litzateke.
Neurri hori irailaren 1ean sartuko da indarrean,eta, urte amaiera bitartean ordaintzen diren soldatetan berehalako eragina izango du. Bestalde, aurretik ordaindutako nominen kasuan, atxikitako gehiegizko zenbatekoak hurrengo errenta kanpainan doituko direla jakinarazi dute.
200 euroko kenkaria
Bestalde, inflazioaren aurkako 200 euroko kenkaria ere onartu dute foru ogasunek; hori aplikatuko zaie 30.000 eurora arteko errenta oinarri orokorra duten zergadunei. 30.000 eta 35.000 euro bitartean, 200 euroko kenkaria pixkanaka murrizten joango da, aitorpenaren oinarria handitu ahala.
Autonomoak eta enpresak
Beste neurri batzuk ere hartu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, horien esanetan pertsona autonomoen eta enpresen egoera arintzeko eta hauei likidezia gehiago emateko. Autonomoen kasuan, ekitaldi honetako hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako ordainketa zatikatuak egiteko betebeharretik salbuetsita geratuko dira.
Bestalde, 50 milioi eurotik beherako eragiketa bolumena duten eta enpresa-taldeetan sartuta ez dauden enpresek ere ez dute Sozietateen gaineko Zergaren ordainketa aurreraturik egin beharko. Azkenik, jasotzen diren 200 euroko dirulaguntza publikoak salbuetsita geratzea erabaki dute.
Agerraldian gaineratu dute jakinarazitako neurriek ia 250 milioi euroko ahalegin fiskala ekarriko dutela.