Plaza erabilgarrien eskaintza gainditzen denean "normalean" errefortzuak ezartzen direla esan du Avanzak

Txomin Madina Milikua 2022ko uzt. 24a, 13:48

Autobus zerbitzuak bermatzen bergarar batek martxan jarritako sinadura bilketaren harira, Pesaren jabe den Avanza enpresatik azaldu dute badakitela zenbaitetan arazoak izan direla "ezustean" plaza erabilgarrien eskaintza gainditu delako, baina "normalean" errefortzuak jartzen direla Zarautz eta Donostia helmuga dituen DG07 linean.

Aurreko astean Jon Montiel bergararrak Pesa-Lurraldebusi zerbitzuak bermatzeko eskatzeko martxan jarritako sinadura bilketa dela eta, hainbat azalpen eman ditu Pesaren jabe den Avanza enpresak Goienak egindako galderei erantzunez. Sinadura bilketaren bultzatzaileak bereziki Eskoriatza eta Donostia arteko ibilbidea egiten duen DG07 linean eta Eskoriatza eta Deba arteko ibilbidea egiten duen DG06 linean egoten diren arazoei egiten die erreferentzia.

Avanzatik adierazi dute badakitela zenbaitetan arazoak izan direla "ezustean" plaza erabilgarrien eskaintza gainditu delako eta ezin izan dutelako une horretan bertan euren gain hartu eskari gehikuntza. Baina gaineratu dute  horrelako egoerak gertatzen direnean, "normalean" errefortzuak ezartzen direla "erabilgarri dauden giza baliabideen zein baliabide materialen arabera".

Ekaina bukaeratik iraila hasiera arte, "egoera berezia"

Era berean, diote aipatutako ibilbideetako salmenten bilakaera etengabe jarraitzen dutela,  baina ekainaren 24tik irailaren 4ra bitartean "egoera berezia" izaten dela Bilboko aireporturako bidaldien eskari areagotu egiten delako. Gaineratzen dute "inguruabar klimatologikoak" aurreratu ezin direnez, horrek guztiak "nabarmen murrizten" duela lehen unean erreakzionatzeko duten ahalmena.

Zarautz eta Donostia helmuga dituen DG07 linearen inguruan, Avanzatik adierazi dute errefortzuak jartzen direla beharra duten bidaldi guztietan, "ustekabeko gehikuntza" kasuetan izan ezik. Donostiatik eta Zarautzetik itzultzeko ere berdin jokatzen dutela diote, eta horren adibide jartzen dute bero boladaren egunetan errefortzuko hiru autobus jarri dituztela 20:15ean, bi autobus 21:00ean era beste bi 22:0ean. Deba helmuga duen DG06 linearen kasuan, bestalde, zehaztu dute zerbitzu horri esleitutako ibilgailuek 98 plazako edukiera dutela, era ez dela errefortzurik ezarri ibilbide horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak