Urrezko Zozketarako txartel salmenta bidez jasotakoa %25 hazi da Debagoienean

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 21a, 16:03

25.335 euro batu ditu Gurutze Gorriak gaur, uztailak 21, egingo den Urrezko Zozketarako txartelak salduta; hala, 2013ko errekorra gainditu dutela adierazi dute. Bildutako dirua prebentzio eta larrialdi-zerbitzuak mantentzera eta hobetzera bideratuko dituzte, baita Debagoieneko gizarte-proiektuetara ere.

Javier Igartua Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak diru bilketa hazi izanaren arrazoiak azaldu ditu: "Pandemiak herritarren sentsibilitate berri bat aktibatu du osasunarekiko, prebentzio eta larrialdi-zerbitzuen garrantziarekiko eta kolektibo kalteberen aldeko gizarte-proiektuekiko".  Eta oso eskertuta agertu da zozketak izan duen harreragatik eta Gurutze Gorriak egindako lanari emandako babesagatik; izan ere, diru-bilketa %25 hazi da aurreko urtearekin alderatuta: "Horrek erakusten du Debagoieneko herritarrek babes handia ematen diotela Gurutze Gorriak egindako lanari, eta martxan jarritako gizarte-proiektuak sendotzen dituela".

Zozketaren zenbaki saritua 19:00etan jakinaraziko dute honako helbidean: www.cruzroja.es/sorteodeoro/

Erakundetik azaldu dute bildutako dirua San Prudentzion duten egungo ekipamendua mantentzeko eta hobetzeko izango dela, baita urtean zehar Debagoienean kolektibo ahulei zuzendutako gizarte-proiektuetarako ere.

525 laguni laguntza iaz

Datu batzuk eman gura izan dituzte Gurutze Gorriko kideek. Gaur egun, Debagoieneko 67 boluntario dira, teknikariekin batera, lan hori egiten dutenak. Joan den urtean, 525 pertsona baino gehiago izan ziren onuradun hainbat gizarte-proiekturen bidez, eta jarduera soziosanitario eta solidarioa garatzeko 18 eta 70 urte arteko ia 100 boluntariok osatutako taldea dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak