Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek gogora ekarri du Gaztenek programa 2004an martxan jarri zutenetik 919 pertsona sektoreratu direla: "Zenbatekoa ez dago gaizki, baina belaunaldi erreleboa da gure arazo nagusietakoa. Etorkizunean sektorerik ez dugu izango, ez badira gazteak sektoreratzen".
Eta gazteak sektoreratzearekin batera, sektorea eta pertsonak egokitu egin behar dira eskakizun berrietara: "Sektorea aldatu egin da; gizarteak sektorearengandik espero dituen gauzak aldatu egin dira. Errentagarritasuna behar da, bestela ezinezkoa da; baina sektoreak aitorpen soziala ere behar du. Eta, gainera, ahalegina egin behar dugu klima aldaketari aurre egiteko, bioaniztasuna mantentzeko... Beti egin diren ahaleginak dira, baina gero eta ahalegin handiagoa egin behar dugu, eta horretarako gero eta prestatuago egon behar dugu".

Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak zera zioen Orozen hariari jarraikiz: "Gaur hitz egin dugu digitalizazioaz, hitz egin dugu berrikuntzaren garrantziaz... Horiek gehitu behar ditugu, eta, horretarako, bidelagunak topatu behar ditugu. Gaur aurkezten ari garen programa honekin, Mondragon Unibertsitatea bezalako bidelagun batekin, izugarrizko aukera dugu prestakuntza horretarako eta pertsona horien bitartez etorkizuneko erronkei aurre egiteko".
Mondragon Unibertsitatea batu da, hortaz, Gaztenek Berri ekimenera. Programak MUren MTA metodologia erabiliko du, eginez ikastea oinarri duena. Partaideek aurkeztuko dituzten proiektu ekintzaileen bidez egingo da ikaskuntza, eta ikasketa-bidaiak ere egingo dituzte, lehen sektoreko esperientzia berritzaileak ezagutzeko. Programaren azken helburua da lehen sektorean enpresak eta proiektuak sortzea eta finkatzea.
Oraingoan, 26 gazte dira Gaztenek Berri programan parte hartzea erabaki eta lehen sektorea modernizatzeko ekarpena egiten ahaleginduko direnak.