Bero itogarria Debagoienean

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko uzt. 18a, 15:56

Badira bederatzi egun Debagoiena bero-olatu bete-betean dagoela. Gutxitan izan da horrelakorik hemen, eta Gipuzkoan, Debagoiena da tenperatura beroenak jasaten ari den eskualdeetako bat.

Asteburuan bero itogarria izan da eta termometroek 40 gradutik gorako zifrak markatu dituzte. Hala, debagoiendar askok etxean ahalik eta gehien egoteko hautua egin dute. Gainera, gaur gauean ere ez du freskatu eta goizean-goizetik neurtu dira tenperatura altuak.

Baso-suteen prebentziorako neurriak

Alerta gorria dago muturreko beroagatik eta indarrean jarraitzen dute, besteak beste, baso-suteen prebentziorako neurri murriztaileak. Hala, debekatuta daude sua eragin dezaketen jarduera guztiak. Aisialdi guneetako parrilak esaterako zigilatuta daude. Ezin da surik egin.

Eguraldiaren iragarpena

Arratsalderako aldaketa iragarri du Euskalmetek. Zehaztu dutenez, arratsaldearen hasieran, Bizkaitik hasita, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, bolada gogorrekin, eta tenperaturak dezente egingo du behera. Giroa eguzkitsua izango da, arratsaldean bero-hodeiak agertuko dira barnealdean eta ez da baztertzen lekuren batean zaparrada trumoitsuren bat botatzea. Haizearen aldaketarekin bat kostaldean behe-hodeien tarteak ager daitezke.

Bihar, berriz, tenperatura maximoak asko jaitsiko dira, Kantauri isurialdean bereziki. Hegoaldean oraindik bero egingo du, eta beroenak 35 gradu ingurukoak izango dira hainbat puntutan; Ebro ibarrean 40 gradura ere igo litezke. Kostaldean, ordea, 26-28 graduren bueltan geldituko dira. Ipar-partean behe-hodeiak ugaritu egingo dira arratsaldean. Hegoaldean goiza eguzkitsua izango da, baina arratsaldean hodei batzuk ager daitezke. Goizean haizea aldakor ibiliko da, arratsaldean iparraldera egingo du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak