Nahi beste ziklismo, San Martzialen hasita, gaur

Xabier Urtzelai 2022ko uzt. 15a, 10:16
Gaur Bergaran, bihar Oñatin eta domekan Leintz Gatzagan egingo dituzte lasterketak.

Asteburu betea izango da ziklismo-zaleendako: emakumezkoak izango dira gaur, uztailak 15, San Martzialerako kronoigoeran protagonista; bihar, zapatua, gazteek Arantzazuko Igoera izango dute; eta domekan, Dorletako Ama saria egongo da jokoan.

Txirrindularitzaz betetako asteburua dator, Oñatin egingo duten Kantoikrit lasterketarekin batera federatu mailako lasterketak egingo dituzte-eta, Bergaran gaur, Oñatin zapatuan eta Leintz Gatzagan domekan. Hala, gaur, egubakoitza, 18:30ean hasita jokatuko dute, San Martzialgo maldetan, V. Bergara Hiria lasterketa. Guztira, ia 80 txirrindulari batuko dira irteera puntuan, eta, besteak beste, zazpi debagoiendar egongo dira.

Kadete mailan lehiatuko dira Bolintxo Okindegia-Lana taldeko Itsaso Askasibar eta Edurne Ormaetxea eta gazte mailan izango da talde bereko Itsaso Plaza. Lokatzako nesken ordezkaritza ez da hor amaituko, senior mailan talde bergararra ordezkatuko du-eta Eneritz Urrutia arrasatearrak. Hala, Urrutiarekin batera lehiatuko dira kategoria nagusian Laboral Kutxako ordezkari debagoiendarrak: Garazi Estebez, Xubane Garai eta Olatz Gabilondo.

Zapatuan, Arantzazuko Igoera

Zapatuan, 15:30ean hasita, Arantzazuko Igoeraren 52. edizioa jokatuko dute. Hor, Ulma taldeak Debagoieneko selekzio modukoa aurkeztuko du, talde oñatiarrak batzen ditu-eta bailarako hainbat herritako ziklista asko. Hala, Oñatiko Triana auzoan hasita, gazte mailako ziklistek 70 kilometroko lasterketa egingo dute, eta Sindikako maldetan amaituko dute lasterketa (17:15).

Domekan, Dorletako Ama saria

Lehendakari Txapelketa barruan, berriz, Dorletako Ama sariak hartuko dio joan den astean jokatu zuten Antzuola sariari erreleboa. Amateur mailako lasterketa 10:00etan hasiko dute, Leintz Gatzagan, eta txirrindulariek Arrasaterako bidea hartuko dute –saihesbidetik–; handik Aramaiora joango dira – Aramaioko erdigunean egongo da esprint berezia–. Aramaion, txirrindulariek Azkoaga eta Zabola auzoetarako bidea hartuko dute, eta tarte malkartsua gaindituta Untzillara iritsiko dira; Suñatik eta Gesalibartik ostera ere Arrasatera bueltatuko dira. Eta hor hasiko dute txirrindulariek Gatzagara egin behar dituzten hiru igoaldietako lehenengoa. Aurreikuspenen arabera, txirrindulariak 13:00etan Ziklista bat San Martzialen gora. GOIENA iritsiko dira helmugara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak