Laboral Kutxak ezin izango du komisiorik kobratu posizio zordunak erreklamatzeagatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 14a, 16:04

Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak jakitera eman duenez, Laboral Kutxak ezin izango die 30 euroko komisioa kobratu kontu korrontea "zenbaki gorritan" duten erabiltzaileei. "Zerbitzu gehigarririk" eskaintzen ez zutela iritzita, Auzitegi Gorenak onartu egin zuen elkarteak jarritako demanda. Epaia irmoa da, auzitegiak ez baitu onartu bankuak jarritako errekurtsoa.

Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak 2016an demanda "kolektibo" bat jarri zuen, Laboral Kutxak kontu korrontea posizio zordunetan edo "zenbaki gorritan" zuten erabiltzaileei kobratzen zien 30 euroko komisioa "gehiegizkoa" zela iritzita. Artesaria deuseztatzeko jarri zuten helegitea Auzitegi Gorenean. Gobernuz kanpoko erakundearen hitzetan, "bezeroari ez zitzaion inolako zerbitzurik ematen", eta neurriak ez zituen "gardentasun-irizpide eta bankuaren jardunbide-egokiak betetzen".

Justiziak "deuseztatu" egin zuen komisioa kobratzeko aukera, bankuak "zerbitzu gehigarririk" eskaintzen ez zuela argudiatuta. Auzitegiak ez du onartu Laboral Kutxak epaiari jarritako errekurtsoa; beraz, epaia irmoa da. Hala, banku arrasatearrak komisioa "aplikatzeari utzi eta bere kontratu guztietatik ezabatu behar du", kontsumitzaileen defentsan aritzen den elkartearen hitzetan.

"Kobratutakoa itzultzera"

Etorkizunean zein iraganean du eragina epaiak EKAren esanetan: "Bidegabeki kobratutakoa itzultzera derrigortu dio sententziak". Bide horretan, "kaltea jasan duten gure bazkideak" erreklamazioak bideratzera "animatu" ditu elkarteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak