4,1 milioi euroko balantze positiboarekin amaitu du 2021eko errenta kanpaina Aldundiak

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 13a, 15:53

Hainbat herritar errenta aitorpena egiten, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Gaur egin dute Donostian 2021eko Errenta Aitorpen kanpainaren balorazioa. Zenbakitan, 389.569 aitorpen egin dira Gipuzkoan; 286,3 milioi euro bildu ditu foru Ogasunak, eta 282,2 milioi, aldiz, itzuli. Balorazio ona egin dute arduradunek, eta lanean ibili diren 200 pertsonak zoriondu dituzte.

Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Irune Yarza Ogasuneko foru zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak agerraldia egin dute gaur goizean Donostian, ekainaren 30ean amaitu zen Errenta Aitorpen kanpaina hizpide hartuta. Azken hilabeteetan testuinguru ekonomikoa "asko" aldatu dela aitortu arren, ekimenaren balorazio "positiboa" egin du Peronak.

286,3 milioi jasota –aitorpenen %33,7ari– eta 282,2 milioi itzulita –aitorpenen %66,3ari–, 4,1 milioi euroko balantze positiboa izan du foru erakundeak kanpainan; saldoa 2020an baino 1,2 milioi euro gutxiagokoa izan arren, hirugarren urtez positiboa izan da Ogasunarentzat. Peronaren hitzetan, egindako 389.569 aitorpenetan "lan merkatuaren bilakaera edota salmenten hazkundea islatu da, eta hortik kanpaina honetako emaitza". Egungo "ziurgabetasun agertokian", berriz, herritar eta enpresetan konfiantza "osoa" dutela aitortu du.

Eskerrak

Yarza Ogasuneko foru arduradunak eskerrak eman nahi izan dizkie kanpaina honetan lanean ibili diren Ogasuneko 200 langileei, "ekimenaren arrakasta profesional hauen lanaren ondorio baita". Aipatu 69.033 aitorpen aurkeztu direla aurrez aurre; 103.557 izan dira Internet bidez, eta 216.979, aldiz, Ogasunak egindako proposamen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak