Serbitzu Elkartea enpresa azkoitiarrak ohar bidez adierazi duenez, uztailaren 8an, egubakoitza, itxita egongo dira Debagoieneko I-4 bidegorri sareko bi zati. Zehazki, Elorregi eta Oñati lotzen dituen 5.919 metroko tartean zein Elorregi eta Arrasate arteko 1.703 metroko zatian mantentze lanak egingo dituzte.
Itxiera, baina, ez da egun osokoa izango. Aurreikuspenen arabera, 7:00ak eta 15:00ak bitartean osatuko dituzte lanok. Halaber, bidegorriaren gainerako zatietan ez du eraginik izango; ez Leintz bailarakoetan, ezta Elorregi eta Bergara lotzen dituen bidean ere.