Proiektuak egiteko eskura izango dituzten baliabideak ikusi dituzte, eta lokalizazio ezberdinak ere ikusi dituzte, besteak beste, bideo formatuan egingo dituzten lanetarako. "Normala den moduan goizeko lehenengo orduan urduri samar sumatu ditugu gazteak. Baina segituan osatu ditugu taldeak, aurkezpenak etorri dira eta konturatu orduko lehenengo bideo-aurkezpenetan jarri dira buru-belarri. Esango genuke lehenengo goizak hegan egin duela", adierazi dute aste honetan campusa gidatuko duten MUko irakasle Unai Portillak eta Idoia Lahidalgak, eta Goienako kazetari Xabier Urzelaik.
Komunikazioaren mundura gerturatzea
Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Eta gaur dagoeneko hasi dira kamera aurrean lehenengo aurkezpenak egiten, kamerekin grabatzen ibili dira eta editatu ere egin dute. Bihar, asteartea, Goiena Komunikazio Taldera egingo dute bisita –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia bisitatuko dituzte– eta Arrasateko kaleetan ibiliko dira fotokazetari lanetan. Asteazkenean eta ostegunean Ainhoa Vitoria –komunikatzaile eta Gazteako irrati esatari–, eta Alex Padilla –sare sozialetan aditu eta Tabakalera eta Gazteako komunikazio teknikaria– izango dira eurekin, eta bakoitzak bere arloan sakonduko du eta ostirala podcastak egitera bideratuko dute, izan ere, hori izango da aste honetan izango duten zereginetako bat: podcast bana egitea.