XIII. kongresuan ponentzia po- litikoa, zuzendaritza eta esta- tutu berriak hautatu zituen Eusko Alkartasunak, joan den otsailean. Alderdiaren zati bat, ordea, kongresuaren aurka agertu zen, epaitegietara bideratzeraino. Onartu berri du ildo kritikoaren kautelazko neurri eskaera Gasteizko Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko epaitegiak. Kongresuan hartutako erabakiak bertan behera gelditzen dira, hortaz. Ildo kritikoaren bozeramaile da Esther Larrañaga arrasatearra eta zuzendaritza berriko partaide Maider Otamendi eskoriatzarra.
Alde kritikoak kongresua inpugnatu zuen, irregulartasunak salatuta, eta kautelazko neurriak eskatu. Onartu egin du epaileak, baina ez da erabaki juridiko bat; loteslea bai, baina ez definitiboa. Epailearen erabakiaren arabera, kongresu aurreko egoerara itzuli beharko luke EAren antolakuntzak; hau da, izendapen eta egitura berriak bertan behera uzten ditu, eta otsail aurretik karguetan zeudenak orduko postuetara itzuli.
Esther Larrañaga bozeramaile duen ildoak adierazi du, prentsa ohar bidez, bozka telematikoz egin zela, horren zilegitasuna bermatzeko bermerik eta araudirik gabe. "Epaileak irregulartasunak ikusi ditu, hainbat afiliatuk ohartarazi zuten bezala".
Zuzendaritza berriko kideak, Maider Otamendik, erabakira egokitzen ari direla argitu du: "Gure egunerokotasunean zein eragin izango duen ikusten ari gara. Aztertuko dugu zein den bide onena, helegitea jartzea izan daiteke bide bat". Nabar- mendu dute epaia ez dela sartzen gatazkaren muinera eta, deialdia behar bezala egiteaz gaindi, ez dagoela kongresua baliogabetzen duen erabaki judizialik.
Eztabaidarako kongresua
Otsailaren 19an eta 20an egin zuten EAren XIII. kongresua, Gasteizko Europa Biltzar jauregian. Zapatuan estatutu berriak bozkatu zituzten; domekan, berriz, zuzendaritza berria.
Alderdiak dituen 249 konpromisarioetatik 135ek hartu zuten parte eta 134k babestu zuten Eba Blancoren hautagaitza. Aurkez- tu zen bakarra izan zen. Zerrenda horren parte zen Maider Otamendi eskoriatzarra, eta, ondorioz, zuzendaritza nazional berriko kide izan beharko luke.
Kongresuaren lehen egunean, konpromisario kritikoek protesta egin zuten Europa jauregi aurrean. Kexa modura, kongre- suan parte hartu eta hautagaitzak aurkeztu beharrean, kongresu paralelo bat abiatu zuten.