Melillako biktimen senideei elkartasuna adierazi eta nazioarteko legediaren urraketa salatu dute

Miren Arregi Amasorrain 2022ko uzt. 2a, 13:51

Joan den ekainaren 24an Melillako hesia gainditzeko ahaleginean hildako migratzaileak izan dituzte gogoan Euskal Herriko dozena bat tokitan egindako mobilizazioetan. 'Bizitza beltzek axola dute' lelopean Arrasaten, Oñatin eta Bergaran egin dituzte elkarretaratzeak.

Mobilizazioa deitutako eragileek eta horietara batutako herritarrek elkartasuna adierazi zieten Melillan hildako 37 pertsonen familiei eta giza eskubideen arloko nazioarteko legediaren urraketa ere salatu zuten. "Bereziki Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentzioa, baita mugetan gorputz beltzei erasotzen dien arrazakeria instituzionalaren legitimazioa ere".

Salatu zuten, "poliziaren basakerian eta mugako militarizazioan oinarritutako politikek" hil dituztela 37 pertsona horiek. "Gorpuak Nadorren lurperatzen ari dira, balizko ikerketa baterako funtsezko autopsiarik egin gabe, identifikatu gabe eta familiak informatu gabe".

Hori guztia Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko "lasaitasun-tentso" egoeran gertatzen ari dela salatu zuten, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen auziari buruzko "Marokoren autonomia-ekimena babestu ondoren". Azaldu zuten, apirilaren 7an Espainiaren eta Marokoren arteko hitzarmen bat sartu dela indarrean, segurtasunaren eta delinkuentziaren aurkako borrokaren lankidetza areagotzeko eta migrazioak kriminalizatzen lagunduz.

Heriotzen argitzea eta erreparazioa

Hala, heriotzak argituko dituen ikerketa independentea eta biktimen erreparazioa eskatu zituzten, bai eta kalitateko osasuna eta zaurituendako arreta espezializatua eskuratzea ere. Gainera, beroan egindako itzulketekin amaitzea eta nazioarteko akordioak errespetatuko dituen giza eskubideen babesa, eta Atzerritarren Legea indargabetzea exijitu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak