Gaur zortzi gutxienez 37 migratzaile hil ziren Nador (Maroko) eta Melilla (Espainia) arteko hesia zeharkatzen. Geroztik, hainbat erreakzio izan dira, baita gertaera zein migratzaileen egoera salatzeko eragile ezberdinek deitutako mobilizazioak ere. Ongi Etorri Errefuxiatuak gobernuz kanpoko erakundeak uztailaren lehenerako jarri ditu hitzorduak.
Bizitza beltzek axola dute. Mugetako heriotzen aurka izenpean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan egingo dira elkarretaratzeak gaur; tartean, baita Debagoienean ere. Bergaran, Oñatin eta Arrasaten egingo dira, zehazki, eta herriko hainbat eragilek egin dute bat mobilizazioekin. Hona hitzorduak:
- Bergara - 19:00etan, San Martin plazan.
- Oñati - 19:00etan, Foruen Enparantzan.
- Arrasate - 19:30ean, Herriko plazan.