Parrandarako ekipoa prest du Upeide taldeak

Hasier Larrea 2022ko uzt. 1a, 09:05
Jokin Uribetxebarria, Beñat Arrieta, Garikoitz Barandiaran, Ixak Sarasua, Aitor Ruiz de Austri eta Xabi Zuazabeitia –argazkian falta da–. (Argazkiak: Upeide).

Elektrotxaranga erosteko intentzioarekin parte hartu zuten ETB1eko Zurekin bat saioan, eta zakua irabazita, lortu dute ametsa egi bihurtzea. Aretxabaletan, Bizir egunean estreinatu ostean, sanpedroak girotzen arituko dira zapatuan Eskoriatzan.

Izozkien ibilgailutxo bat izan zitekeen, baina irudian ikusten den tramankulua Upeide lagun taldearen elektrotxaranga berria da. Bateriekin, soinu-mahaiarekin, bafleekin eta karro eraberritu batekin osatutako ekipoak pandemia garaian sortutako behar bati erantzuten dio. "Tabernak ixten zituztenean gitarrekin abestiak jotzeko batzen ginen kalean. Andramaixetan, adibidez, 20 lagun batu gintezkeen, baina gitarretatik gertu zeudenek bakarrik entzun zezaketen ganoraz soinua; beraz, berotu egin ginen eta ideia ederra iruditu zitzaigun soinu akustiko horiek anplifikatzen saiatzea", azaldu dute Upeideko Aitor Ruiz de Austrik eta Beñat Arrietak.

'Zurekin bat'-en, arantzatxoa 

Finantzaketa nola lortu, horixe zen hurrengo urratsa. Sanmigeletan otu zitzaien, "poteoan irteten diren ideia zoragarri horietako batean", Zurekin bat telebistako lehiaketan izena ematea. Makina bat programatan hartu zuten parte bi taldekide horiek Gari Barandiaran, Mikel Arrieta eta Ixak Sarasuarekin batera. Eta azkenean, 51.000 euroko zakua eskuratu zuten. 

Diru kopuru horren "kantitate txiki bat" bideratu dute aparatua erosteko, "azken finean, lagun artean eta jai-giroan irteteko" beste pretentsiorik ez dutelako. Taldekideek badituzte-eta proiektu musikal serioagoak, Nhil, Jasan edota Txerrikumeak, adibidez: "Kontua da dei gehienak Upeidegatik jasotzen ditugula; izan ere, ez ginen fin ibili telebistako programan, gure beste taldeen publizitate handiagoa egin behar genuen, eta ez hainbeste Upeiderena", diote, erdi brometan eta erdi serio. 

Bi adar, helburu bakarra

2017ko Euskararen Eguneko herri bazkarian egin zuen debuta Upeideren hazia izango zen Patxaran taldeak. Kantaldi eran hasi ziren aurrena, "30 urte baino gehiago dituzten euskal kantak" publikoarekin batera abesteko intentzioz. Proiektu hori Upeide "klasikoa" izatera pasa zen gero, eta Andramaixetako herri bazkarian, esaterako, formatu akustiko horrekin egingo dute musika.

Eserita jarraitzeko eskaintza horren osagarria da orain Upeideren elektrotxaranga, "gutxi entseatu eta ondo pasatzekoa". Gatibu, Zea Mays, Hertzainak edota Takolo, Pirritx eta Porrotxen abesti martxosoak interpretatuko dituzte aurrerantzean. Hurrengo geltokia, Eskoriatzako erdigunea, bihar, 19:30ean hasi eta ilundu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak