Eskoriatza kirol elkartean hazitako jokalariak ez zuen denboraldia aho-zapore gozoarekin hasi, ezta gutxiagorik ere. Iazko abuztuaren 14an, koadrizepsaren aurreko zuzeneko tendoia hautsi zuen Oier Azkunaga Uribarrik, eta bost hilabete eta erdiz areto futboleko kantxetatik aldendu behar izan zuen.
Baina indarberrituta egin zuen debuta Tolosaldeako taldearekin, nahi baino beranduago izanda ere. Urtarrilaren 22an eman zion entrenatzaileak jokatzeko aukera, eta pixkanaka egin zituen urratsak: "Hasieran, zati bakoitzeko bizpahiru minutu jokatzen nituen, baina partiduak igaro ahala konfiantza berreskuratzen joan nintzen". Hala, ligako 30 neurketetatik hamalautan parte hartu du 20 urteko aretxabaletarrak, eta azken txanpan eman du mailarik onena, bospasei partidutan lau gol sartuta. Haren goranzko hobekuntza ikusita, klubeko arduradunek taldean segitzeko aukera eman diote.

Azkenera arte borrokan
Bilbon, Zierbenan, Zaragozan, Gasteizen zein Madrilen jokatu du aurten Lauburu kirol elkarteak. Etxeko jokalariz osatutako taldea da, baina baditu kanpoko fitxaketak ere, hala nola Kolonbia, Bartzelona eta Galiziakoak. Ligan bederatzigarren geratu arren, azken neurketan lortu zuen mailari matematikoki eustea.
Hori horrela, Mondrate eta Eskoriatza baino kategoria bat gorago jarraituko du jokatzen, gutxienez, beste urte batez. Azkunagak gertutik jarraitzen ditu bi taldeak: "Bereziki, Eskoriatzakoekin dut harremana; euren partiduak ikusten ditut ahal dudanean, eta haiek ere etortzen dira gureetara".
🔥🔥💣BERRITUA | RENOVADO💣🔥🔥 @oierazkunaga17
— Lauburu K.E Ibarra (@LAUBURUKEIBARRA) June 27, 2022
Txikik Lauburun jarriatuko de 22-23 denboraldian!!!!🤩🤩 | ¡¡!!Txiki continuará en Lauburu la temporada 22-23!!!!🤩🤩
Bere lesioa atzean utzi, urte berri batean murgildu, eta lanean hasteko prest dago Aretxabaletako gaztea💥👏🏽 pic.twitter.com/G1vn1CKfcX