Itziar Yague blues musikariaren bira, udan bailaran

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 23a, 16:44

Sortzez arrasatearra den Itziar Yague blues konpositore eta abeslariak kontzertu bira eskainiko du Euskal Herrian, Delicious lana zein osatzen ari den bigarren diskoko doinuak aurkeztu asmoz. Sei kontzertu eskainiko ditu Gipuzkoa eta Bizkaian barrena datozen bi hilabeteetan, eta horietatik hiru Debagoienean izango dira; bi Arrasaten, eta azkena Aretxabaletan.

Itziar Yague blues konpositore eta abeslaria Debagoienera itzuliko da bigarren urtez jarraian. Nerabezarora arte Arrasaten bizi izan zen musikariak Delicious lana aurkeztu zuen joan zen urtean, eta, aurtengoan, osatzen ari den bigarren diskoko doinuak zein lehen lan hartako melodiak taularatuko ditu. Berriki, gainera, Enlace Funk magazineak ematen duen Clinton saria jaso du Yaguek; soul, funk, R´n´B eta jatorri afroamerikarra duten doinuen artean urteko abeslari onena izendatu du aldizkari madrildarrak.

Hiru geldialdi

Gaur-gaurkoz sei kontzertuko bira du aurreikusita artistak Bizkaia eta Gipuzkoan barrena, eta hiru bailaran izango dira. Zehazki, Arrasate Blues jaialdiaren baitan joko ditu lehen biak. Uztailaren 15ean, egubakoitza, izango da lehena, eta bere hiru taldekideez gain, Greg Izor ere igoko da oholtzara; bigarrena, aldiz, hurrengo egunean izango da, uztailaren 16an, zapatua. Kasu honetan, bi musikarik jarriko dizkiote melodiak arrasatearraren ahotsari.

Yaguek 2021eko Arrasate Blues jaialdian eskainitako kontzertuko une bat. (Argazkia: Itziar Yague)

Hilabete itxaron beharko dute blues zaleek Yague bailaran berriz ikusteko. Birako azken kontzertua Aretxabaletako Andramaixetan eskainiko du abuztuaren 16an, martitzena. Gainerako hiru kontzertuak, berriz, Sestaon (06/30), Markina-Xemeinen (07/22) eta Elorrion (07/24) izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak