Datorren urteko maiatzaren 28an izango dira hurrengo udal hauteskundeak, eta dagoeneko jakinekoa da gaur egungo zenbait alkatek ez dutela hautagai gisa errepikatuko. Horixe da Antzuolako Beñardo Kortabarriaren eta Aramaioko Lierni Altunaren kasua –biek egingo dituzte zortzi urte alkatetzan, eta beste agintaldi bat egin zuen Altunak zinegotzi–; hala baieztatu diote GOIENAri EH Bilduko bi alkateok.
"Erabakita daukat; etapak izaten dira, eta aire berria ere behar da", dio Kortabarriak, eta zera gehitu: "Gure lanak eginak ditugu praktikoki –gauzaren bat baino ez da falta–, aurreikusitako bidetik ibili gara, eta halako ardurei akabera jarri behar zaie, ezin da hemen betikotu".
Lierni Altunak martxoan aurreratu zuen Goiena telebistan –Harira saioan– ez dela berriro hautagai izango, eta erabakia berretsi du orain. "Deskantsu bat behar dut, eta uste dut herriarentzat ere ona izango dela aldaketa. Eskolara [irakaslea da] itzultzeko asmoa dut", adierazi zuen Altunak saioan.
OÑATIKO ELORZAK ETA BERGARAKO ARTOLAK IZAN EZIK, ZORTZI URTE BETEKO DITUZTE DENEK ALKATETZAN
Gainerako alkateei dagokienez, eta EH Bildukoekin jarraituz, Elgetako, Bergarako eta Oñatiko kasuetan ez dago, oraingoz, jakinarazpen ofizialik. Aurkeztuko ez denik egotekotan, hori Iraitz Lazkano izango litzatekeela dirudi. Elgetako alkateak zortzi urte egingo ditu karguan, eta, Lazkanok berak izan ditzakeen arrazoiak gorabehera, denbora horretatik harago karguetan ez jarraitzeko irizpidea aipatu izan da EH Bildun. Dena dela, Elgetako alkateak GOIENAri adierazi dio "goiztxo" dela oraindik ezer esateko.
Gorka Artolak eta Izaro Elorzak ere ez dute euren asmoaren berri eman nahi izan, baina, besteak beste, alkatetzan lau urte soilik daramatzatela kontuan hartuta –Artolak beste agintaldi bat ere bai zinegotzi–, ezustekoa litzateke ez aurkeztea.
EAJko alkateei so, Arrasateko Maria Ubarretxenak, Aretxabaletako Unai Elkorok eta Eskoriatzako Joserra Zubizarretak, hirurek, dute hau bigarren agintaldia alkatetzan. Batek ere ez du ezer baieztatu nahi izan etorkizunaz, nahiz eta baden gainerakoek baino gehixeago iradoki duenik: "Erantzuna mundu guztiak daki", zioen Elkorok, GOIENAri erantzunez. Alkate arduretan zortzi urte nahikoa izan daitezkeen galdetuta, berriz, hauxe erantzuna: "Izan daiteke, izan daiteke, bai".
Leintz Gatzagako kasuan, azkenik, Eugenio Otsoak ez du hautagai izateko asmorik: "71 urte egin behar ditut aurten, eta jende berria behar da".