Saskibaloia kalean, Oñatin eta Bergaran

Xabier Urtzelai 2022ko eka. 24a, 09:49

Bergarako San Martin plazak saskibaloi partiduak hartuko ditu zapatuan.

ñatiarrek lehenengoz egingo dute zapatuan txapelketa, Olakua auzoko kirolgunean. Bergaran, San Martin plazan izango dira partiduak eta eguraldi txarra egiten badu pilotalekuan jarriko dituzte saskiak; domeka goizean kategoria txikietakoek jardungo dute.

Ekaineko ohiturari eutsiz, asteburuan Bergarako San Martin plaza saskibaloi kantxa bilakatuko da. Baina, oraingoan hitzordua bikoitza izango da, bergararrei oñatiarrak ere batu zaizkielako. Hala, txantxikuek ere euren txapelketa antolatzeko lana hartu dute, baina horiek Foruen plazan ez, horiek Olakua auzoko kirolgunea aukeratu dute hiruko torneoa egiteko. 

Gazteen bila, Oñatin

Oñatikoa, esan moduan, hitzordu berria da, baina neurri handian, Gabonetan egin izan duten txapelketa ordezkatzera dator: "Gabonetan urte askotan jokatu da saskibaloi txapelketa Oñatin. Azken bi urteetan ez, pandemiagatik, eta ideia hau askoren gustukoa izan da, jendea lagun artean jokatzeko gogoz dago eta", diote antolatzaileek. 

Helduen eta gaztetxoen txapelketa mistoa izango da, eta goizez jokatuko dute 09:00etatik 14:00etara. Kategoria bakoitzean hamabi talde lehiatzea da antolatzaileen nahia. Helduenean bete dute kopurua: hamabi taldek emanda dute izena dagoeneko. Gatetxoen taldeak gutxiago dira, oraingoz, eta antolatzaileek deialdi berezia egin gura dute, gaztetxoak parte hartzera animatuz. 10 eta 15 urte artekoak sartzen dira kategoria horretan (Izenemateak: 688 78 57 54). 

Bergarakoak 14 urte

Bergarakoak gogotsu daude hamalaugarren ediziora begira: "Klubetik saskibaloiaz disfrutatzeko gogoz gaude. Txapelketa honekin gure helburua saskibaloia sustatzea da, batez ere adin txikiko neska-mutilen artean". Zapatuan goiz eta arratsalde egongo dira partiduak, eta domekan kategoria txikikoak ibiliko dira. Labegaraietan hockey-a egongo denez, euria egingo balu saskiak pilotalekura eramango dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak