111.000 euro bideratuko ditu Foru Aldundiak Debagoieneko landa-bideak hobetzera

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko eka. 13a, 16:58

Gipuzkoako 53 herritako 81 baserri bide konpontzeko deialdiaren ebazpena onartu du Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak. Debagoieneko sei herritan egingo dituzte lan horietako batzuk: Antzuolan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan eta Oñatin.

Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak 1.299.636 euro bideratu ditu laguntzetara. Guztira, 68 kilometro konponduko dira eta laguntzak 2022 eta 2023 artean banatuko dira.

LandaGipuzkoa proiektuan kokatzen du Diputazioak dirulaguntza programa. Azaldu dutenez, helburua baserri-bideak hobetzearekin landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetu eta lehen sektorearen garapena bultzatu nahi da, irisgarritasuna eta garraioa oro har hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz.

Dirulaguntzak herriz herri

Debagoienean hamaika baserri-bidetan egingo dituzte konpontze edo asfaltatze lanak, eta guztira 111.028.11 euroko inbertsioa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdean. Laguntzekin lanen kostuaren zati bat finantzatuko da.

Herria Bidea Laguntza
Antzuola Lizarraga (032) 6.597,95
Antzuola Pikunieta (043) 2.696,32
Antzuola Untzarriko bidea (015) 2.762,50
Antzuola Guztira   12.056,77
Arrasate Erenuzketa baserriko bidea 4.126,77
Arrasate Haritza baserriko bidea 17.094,58
Arrasate Guztira   21.221,35
Bergara Itsasmendi eta Zabaleta arteko bide publikoaren konponketa 35.000,00
Bergara Guztira   35.000,00
Elgeta Arraoz bidea 3.775,20
Elgeta Guztira   3.775,20
Eskoriatza Apotzaga Gellao bidea konpontzea 4.794,93
Eskoriatza Guztira   4.794,93
Oñati Larraña auzoko 9528 auzobidea 8.259,50
Oñati Murgia auzoko 9658 auzobidea 21.204,45
Oñati Urrexola auzoko 9576 auzobidea 4.715,91
Oñati Guztira   34.179,86

3.360 kilometro bide

Guztira, erabilera publikoko 3.360 kilometro inguru ditu gaur egun lurraldeak, eta Diputazioaren asmoa da dirulaguntza horien bidez pixkanaka berritzen jarraitzea.

Iaz 62 kilometro landa-bide berritu edo asfaltatu ziren lehen aldiz, laguntza hauen baitan. Horretarako udalek eta tokiko-erakunde txikiek 2.784.000 euroko inbertsioa egin zuten, eta Foru Aldundiak 1.500.000 milioi euro bideratu zituen deialdira. 2020an, pandemiaren testuinguruan, ez zen dirulaguntza deialdirik egin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak