Gatz Bidea aldarrikatzeko, 'Hegoko iparra' abestia herritarren aurrean aurkeztuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ekainaren 5a

Gatz Bidea –Eskoriatzatik Gatzagara bitarteko bidegorria– atontzeko lanetan jarraitzen dute Leintz Lotzen herri ekimeneko kideek, guztiontzako irisgarria izateko asmoz. Bidegorriaren garrantzia aldarrikatzeko gogoz, Hegoko iparra kantua aurkeztu dute gaur, domeka.

Bidea egoki jartzea, zaintzea, herritarrek eta eskualdekoek erabiltzea, eta ezagutzera ematea da Leintz Lotzen-en helburua, aurrera begira galduko ez den ibilbide bat izateko gogoz. Gaur, domeka, goizean Eskoriatzatik abiatuta, elkarrekin egin dute bidea oinez hainbat lagunek, eta ondoren, Leintz Gatzagako plazan giro onean bazkaldu dute.

Bazkalostean, kantuaren aurkezpena

Aitor Zilardegi Aretxabaletako musikariari eskatu zioten kantua egiteko eta herriko zein eskualdeko bederatzi musikarik lagunduta aurkeztu dute. "Gatz Bidearen garrantzia aldarrikatzeko eta ezagutzera emateko kantu bat egiteko proposatu zidaten eta hala sortu nituen doinua eta hitzak. Leintz Gatzaga herriari eskainitako kantua da, herriko eta eskualdeko bederatzi musikarik lagunduta osatu duguna eta gaur herrian aurkeztu duguna. Laster estudioan grabatuko dugu eta ondoren bideoklip bat egiteko asmoa ere badugu"azaldu du Aitor Zilardegik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak