Sara Alonso abeslari eta piano-jotzaileak, Beñat Arrieta gitarra-jotzaileak, Asel Errasti bateria-jotzaileak, Xabi Zuazabeitia baxu-jotzaileak, Lia Garai saxofoi-jotzailea eta Aitor Ruiz de Austri tronboi-jotzaileak osatzen duten seikoteak "gogotsu" abiatu du Bizi bagina lanaren aurkezpen bira."Oso gustura jardun genuen eta hala sumatu genituen entzuleak ere. Gu seiok gainera, diskoan kolaboratu duen Joseba Aparicio, Swingytronics eta beste talde askotan ari den tronpeta-jolea emanaldi osoan zehar gurekin izan zen. Diskoa lantzen asko lagundu digu eta lehen kontzerturako gonbidapena egin genion, eta hala etorri da. Horrez gain Liher taldeko abeslari Liher Hernandok ere diskoan kolaboratu zuen eta hari ere gonbidapena luzatu genion estreinako kontzertura gurekin etortzeko eta hala kantatu zuen bildumako kantu bat gurekin Zaldibar antzokian", kontatu du Beñat Arrieta gitarra-jotzaileak.
Udara begira, agenda betetzen
Atzokoa eginda, prest eta gogotsu daude bigarren lanaren aurkezpen birari heltzeko. "Ari gara dagoeneko kontzertu batzuk lotzen, Arrasateko san Juan jaietan txosnagunean izango gara, Paisaian ere badugu beste emanaldi bat lotuta eta horiez gainera, Legazpin eta Irunen ere izango gara uztailean".