Zibereraso bat jasan du Laboral Kutxak

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 31a, 11:52

Arrasaten dagoen Laboral Kutxaren egoitza nagusiaren ataria. (Argazkia: Laboral Kutxa)

Posta zerbitzuan "baimenik gabeko" sarrera bat atzeman du Laboral Kutxak. Hainbat bezerori bidalitako oharrean adierazi dutenez, entitateak erasoa "neutralizatu" eta berriro gerta ez dadin "behar diren segurtasun neurriak" ezarri ditu. "Zure banku-eragiketen segurtasuna bermatuta dago", azpimarratu dute.

"Zibergertakari bat" antzeman dute Laboral Kutxako Segurtasun taldeko kideek: "Baimenik gabeko sarrera bat" egon da korrespondentzia edo posta zerbitzuan. Hala jakinarazi dute webgune korporatibo zein hainbat bezerori bidalitako ohar bidez. Entitateak erasoa "neutralizatu" eta berriro gerta ez dadin "behar diren segurtasun neurriak" ezarri ditu.

Kooperatibak egindako komunikazioen arabera, "gertaera honek ez du eraginik izan datuen osotasunean eta erabilgarritasunean". Zibererasoak "korrespondentzia arrunteko zenbait dokumenturi" soilik eragin die; hots, oinarrizko datu identifikatzaileak eta kontu-zenbakiaren zein egindako transakzioen datuak soilik adierazten dira posta bidez. Ondorioz, adierazi dute "egiaztatu" dela ez dela "inolako informaziorik eskuratu" kredentzial pertsonalei, txartelen zenbakiei edo autentifikazioko beste elementuei buruz.

Salaketa aurkeztu dute, eta eskumena duten Espainiako Bankuari eta Datuak Babesteko Agentziari zein Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalari eta Basque Cybersecurity Centre-ri gertakariaren berri eman die.

Aholkuak

Erabiltzaileei bidalitako oharrean segurtasunari lotutako hiru gomendio edo jakinarazpen eman ditu Laboral Kutxak, "zure datuekin zuhur joka dezazun":

  • LABORAL Kutxak ez dizu inoiz eskatuko online bankuan sartzeko daturik SMS esteken edo beste edozein bitartekoren bidez.
  • Eragiketarik hasten ez baduzu, LABORAL Kutxak ez dizkizu inoiz erabilera bakarreko kodeak eskatuko (edozein eragiketa sinatzeko SMS bidez bidalitako gakoa).
  • Zure ekimenez ez bada, ez eman inoiz datu pertsonalik telefonoz edo beste edozein kanalen bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak