Samur irabazita, Eskoriatzak 'play off'-a bere esku du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko mai. 28a, 20:56

Eskoriatzak 7-0 irabazi du Durangoko Sasikoaren aurka. Ligako azken partidua geratzen zaie: datorren astean izango da, Mondrateren aurkako derbia. Orduan erabakiko da nork lortuko duen laugarren postua, eta ondorioz, play off-a jokatzeko txartela.

Ligako azken aurreko jardunaldia jokatu dute gaur Hirugarren Nazional mailan. Eskoriatzak eta Mondratek hil ala biziko partiduak izan dituzte. Mondratek, Elorrioren aurka jokatu du eta berdindu egin dute. Eskoriatzak, aldiz, etxean jokatu du Sasikoaren aurka eta eragozpenik gabe irabazi dute.

Manuel Muñoz kiroldegia bete egin da areto futboleko partidua ikusteko. Kontuan hartu, gaur Eskoriatza Kirol Elkartearen eguna ospatu dutela; bada, plazan egon den jendea kiroldegira joan da etxeko taldea animatzera.

Infantil mailakoei harrera

Partidu hasieran infantil mailako taldeari pasilloa egin diote; izan ere, horiek, Elaitz Iregi eta Marta Garciaren zuzendaritzapean txapeldunak izan dira euren kategorian.

Zazpi gol

Ondoren, hirugarren nazional mailakoen lehia hasi da. Etxeko jokalariak oso indartsu atera dira kantxara lehenengo segundotik. Hala, hirugarren minutuan lortu du Kimetz Zabalak partiduko lehenengo gola. Hortik aurrera samur eraman dute jokoaren pisua eta ez dute arazorik izan partidua irabazteko. Atsedenera 2-0ekoarekin joan dira. Bigarren gola Aritz Urzelairena izan da.

Bigarren zatian, Jon Ugarte, Aritz Urzelai (2 gol) eta Aratz Kortazar (2 gol) izan dira golegileak. Partidu amaieran, Eskoriatzako jokalariek pankarta bat atera dute zaleei eskerrak emateko; eta, kanpoaldean, jarraitzaileen sorpresa izan dute. Musikaz lagunduta, kolore berdeko bengalak piztu dituzte kiroldegi aurrealdean.

Azkeneko jardunaldian: derbia

Datorren astean derbia jokatuko dute Mondratek eta Eskoriatzak. Sailkapenari begiratuta, Eskoriatza laugarren postuan dago eta Mondrate bosgarrenean; bada, eskoriatzarrek euren esku dute play off-a jokatzeko txartela. Lehenengo laurak sailkatuko dira Bigarren B maila nazionalerako play off-a jokatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak