Zegama-Aizkorrin aspaldi amaitu ziren debagoiendarrez bete-tako parte-hartze zerrendak, lasterketak nazioarteko oihartzuna daukanetik –domekakoa Golden Trail World Series txapelketako lehen hitzordua izango da– oso gutxik lortzen dute-eta dortsal preziatua. Bada, domekan ibarreko bederatzi lagunek izango dute munduko onenekin lehiatzeko aukera: Oñati ordezkatuko dute Asier Alonsok, Andoni Iturbek, Xabier Letek eta Jon Urzelaik; Arrasatetik izango dira Aritz Kortabarria eta Kepa Mercader; Aretxabaletatik Igor Olalde; eta Elgetatik, azkenik, Anartz Agirre eta emakumezkoen borrokan aurrealdean ibiliko den Oihana Kortazar.
Inoizko lasterkari onenak
Domekako lasterketa historikotzat hartu dute askok, inoiz ez dira-eta elite mailako horrenbeste hautagai batu irteera puntuan. Ikusteko dago Kilian Jornet hamargarrenez txapel janzteko gauza izango ote den, eta garaipenaren borrokan izango dira, baita ere, Manuel Merillas, Davide Magnini, Thibaut Baronian, Aritz Egea, Maude Mathys, Nienke Brinkman, Oihana Kortazar, Ida Nilsson eta Emelie Forsberg. Eta osagai horiek gutxi balira, Jornetek seguruenik garaipena bakarrik ez, Stian Angermund-Vik-en esku dagoen errekorra (3:45:08)
begiz jota izango du.
Sari berezia, aizkora
Domekako lasterketako irabazleak sari berezia eramango du etxera: aurreko edizioetako irabazleen izena daraman aizkora bat. Hain zuzen, 1971n Aloñako mendi taldeko lagunek Aizkorriko tontorrean jarri zuten harrizko aizkoraren sinbolo moduan emango dute sari hori. Bestalde, lasterketa zuzenean eskaintzeko inoizko apustu han- diena egin dute, eta ETBk, Te-ledeportek eta Youtubeko Zegamaren eta Golden Traileko kanaletan ere emango dute.
Kilometro bertikalean beste hamar
Gaur, egubakoitza, 16:00etan hasita, Zegamako kilometro bertikaleko lasterketa egingo dute, plazatik bertatik hasita (1.015 metroko desnibela). Eta hor ere ibarreko zenbait
ordezkari izango dira: Garazi Abasolo, Maite Zabaleta, Marije Zubizarreta, Eleder Lozano, Beñat Madariaga, Joseba Molinero, Raul Muñoz, Aitor Ugarte eta Mikel Urrutia.