Iazko azaroko euriteen ondorioz emergentziako jardun baten bitartez, Arlabango mendateko lerradura bat konpondu da, eta, orain, Aldundiak GI-627ko beste hiru puntu ezegonkor hobetzeko proiektua idatzi eta lizitazioan jarri du.
Lanak hiru lerradura konpontzeko
Aldunditik adierazi dutenez, honakoak dira egingo dituzten lanak: "Lehendabiziko lerradura, 55 metroko luzerako oin-horma da, 1991n sendotu zena; hala ere, duela gutxi, deformazioak gertatu dira berriro. Bigarren lerradurak ere 55 metroko luzera duen errepide zati bati eragiten dio, eta zoladuran eta errepidearen zabalgune osoan ezegonkortasun eta deformazio zantzuak antzeman dira. Eta hirugarren lerradura 110 metroko luzera duen errepide zatian dago eta ezegonkortasun deformazio zantzuak hauteman dira. Hiru lerraduretan, kasu bakoitzera egokitutako mikropilotez osatutako pantailak egingo dira".
Aurreikuspenen arabera, lanak 2023ko urte hasieran bukatuko dira, eta, ondoren, zati guzti horretako firmea berrituko dute. "Zorua konpontzeko jardunak beste 0,8 milioi euro gehigarriko inbertsioa suposatzen du. Aurten konpondutako lerraduraren obrek iraun duten tartean errepidea 15 tona baino gutxiagoko ibilgailuetara mugatu da zirkulazioa". Debeku horrek indarrean jarraituko du beste hiru lerradura hauen obrak bukatu bitartean.