Mondratek eta Eskoriatzak, biek dute aukera oraindik 'play-off'-a jokatzeko

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko mai. 22a, 15:43

Mondrateko jokalariak gola ospatzen zapatuan Musakolan jokatutako partiduan.

Berdinketarekin amaitu dituzte biek asteburuan jokatutako partiduak eta, modu horretara, biek dute oraindik aukera Bigarren Nazional Mailara igotzeko 'play-off'-erako sailkatzeko. Bietako bat igoko da, ordea; ekainaren 5ean jokatuko dute elkarren kontra.

Mondratek eta Tolosako Laskorain taldeak launa egin dute zapatuan Musakolan jokatutako partiduan. "Orain gure esku dago. Hurrengo bi partiduak irabazi behar ditugu 'play-off'-a jokatu ahal izateko", dio Mondrateko entrenatzaile Julen Otxandiano.

Aukerak badituztela bai, baina bi neurketak oso lehiatuak izango diren jakitun da Otxandiano: "Datorren astean etxetik kanpo jokatuko dugu, Elorrion, zapatu arratsaldean. Elorrioko taldea behera jaisteko arriskuan dago eta maila mantentzea helburu izanik, horretan ahaleginduko da. Irabazi egin gurako du, eta baita guk ere. Oso partidu lehiatua izango da. Eta hori irabaziz gero, Eskoriatzaren aurkakoa irabazi beharko dugu aurrera egin eta 'play-off' horretan sartzeko. Derbi indartsua izango da".

Eskoriatzak, berriz, bina egin du Tolosala taldearen kontra. "Ez dugu gaizki jokatu, baina bai egin akats handi pare bat. Lehenengoa partidua hasi eta lasterrera, eta beraiek jarri ziren markagailuan aurretik. Banakoarekin joan ginen atsedenaldira eta bigarren zatiaren hasieran egin genuen bigarren akatsa, markagailuan atzetik jarriz. Penaltia ere gelditu zuen gure atezainak. Azkenean, partidua amaitzeko minutu eta erdi falta zela sartu genuen biko berdinketa eman zigun gola", dio entrenatzaileak, Mikel Alkaidek.

Ekainaren 5ean derbia

Mondraten puntu berdinak ditu gaur Eskoriatzak eta hurrengo partiduak irabazten saiatuko da talde hori ere, Bigarren Nazional Mailara igotzeko aukera izateko. "Ez da erraza izango, baina ahalegin guztiak egingo ditugu. Lehenengo, hurrengo partidua irabazi behar dugu. Egia da etxean dugula eta ez kanpoan, Mondraten moduan, eta gure aurkariak ez duela ezer jokoan, jaitsi egin delako mailaz. Baina irabazi egin behar da. Eta ekainaren 5ean Mondrateren aurkakoa ere irabazi egin behar. Horrez gain, 'play-off'-a beste bi partidu dira eta hirugarren bat beste elkarte autonomiko bateko irabazlearen kontra. Eta hirurak irabazi behar dira Bigarren Nazional Mailara igotzeko".

Eskoriatzak eta Mondratek, partidu garrantzitsuak dituzte, beraz, hurrengo biak. Lehiatzeko prest eta gogoz daude, baina denboraldia luze egiten ari zaiela aitortu dute biek. "Talde askok amaitu dute denboraldia eta guri beste bi jardunaldi gelditzen zaizkigu. Eta 'play-off'-ean sartuz gero, beste bi. Luzea ari da izaten, bai", dio Otxandianok. "Lesioak ere agertu dira. Atseden hartzeko oso tarte txikiak izan ditugu, jardunaldi askoko denboraldia da, eta hori nabaritu egiten da", gaineratu du Alkaidek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak