Vanesa Gimbert omenduz, ligari agur

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 20a, 19:33
Vanesa Gimbert, Bergarako Athletic zaleak eta etxekoak ondoan dituela, joan den domekako azken partiduan. Argazkia: Bergarako Athletic zaleak.

Ohorezko Erregionaleko azken jardunaldia jokatuko dute asteburuan, eta Bergararen eta Urolaren arteko partiduan dago interes-fokua: Agorrosingo belar naturaleko zelaiko agur partidua izango da, eta Vanesa Gimbert omenduko dute bihar, zapatua (12:00). Aretxabaletan, berriz, 1972an afizionatu mailako Espainiako txapeldun izan ziren jokalariak omenduko dituzte domekan (16:30).

Ligako 34. jardunaldian, Aretxabaletak, Mondrak, Bergarak eta Aloña Mendik ez dute aparteko helburuengatik borrokatuko. Gehiago kostata edo erraztasun handiagoarekin, denek bete dute premisa nagusia: mailari eustea. Hortik aurrera, batzuk konforme egongo dira liga amaierara arte aurrealdeko postuen borrokan ibili direlako, beste batzuk taldean belaunaldi aldaketa izanda ere gazteak ondo egokitu direlako edo aurreikusten zutena baino gutxiago sufritu dutelako. Aldagela bakoitzean balorazio ezberdinak izango dira. Baina azken jardunaldi honetako partiduek balioko dute zenbait omenaldi egiteko, eta baita, Bergararen kasuan, Gipuzkoako belar naturaleko azken zelaietako bati agur esateko (Ikus 29. orria).

Aitortza Gimberti
Bihar, zapatua, Bergararen eta Urolaren arteko partidua (12:00) berezia izango da. Izan ere, partidu aurretik, herriko alaba Vanesa Gimbert (Bergara, 1980) omenduko dute, azken hamarkadan Athleticen erreferentziazko jokalari izan denak futbola uztea erabaki du eta. Bergarakoak 23 urteko ibilbidean bost liga eta bost Errege Kopa irabazi ditu, eta, talde zuri-gorriaren aurretik, Montillan, Levanten, Estudiantesen, Sevillan, Rayo Vallecanon eta Espanyolen jokatu du.    
Gimbertek domekan jokatu zituen azken minutuak elastiko zuri-gorriarekin, eta Bergarako lagunarteko kuadrilla ederra izan zuen ondoan. Aste barruan tartea hartu du GOIENArekin egoteko: "Emozio handiko eguna izan zen domekakoa. Alde batetik, pena ematen dizu, badakizulako hor amaitzen dela zure futbol ibilbidea, baina, bestalde, oso kontziente naiz orain dela futbola uzteko momentua. Eta zapatuan Bergaran egingo didaten omenaldia ere oso berezia izango da. Bergararra naiz, eta norbere herrian halako bat jasotzea gauza ederra da".     
Etorkizunera begira, lehenengo, atseden hartu nahi du bergararrak: "Udan etxekoekin egon nahi dut, denboraldiaurrerik egin barik, futbola utzi dudala barneratu, eta, ondoren, entrenatzaile titulua eskuratzeko asmoa dut". 

Ibarran ere omenaldia
Ibarra futbol zelaian, berriz, UDAk 75. urteurrenaren barruan 1972an afizionatu mailako Espainiako txapeldun izan ziren jokalariak omenduko ditu domekan (16:30). Aretxabaletaren eta Allerruren arteko partiduko atsedenaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak