Maiatzaren 26tik 28ra Europako Gazteen XIV. Musika Jaialdia egingo da Luxenburgon. Osasun neurriak direla eta, Euskal Herriko Musika Eskolentzat 60 plaza besterik ez zituen antolakuntzak. Hala, hamar laguneko taldeak aurkeztu dituzte musika eskola desberdinek, eta zozketa bidez erabaki dute jaialdian parte hartuko duten sei taldeak.
Zortea izan dute Bergarako Musika Eskolak eta Oñatiko Jose de Azpiazu Musika Eskolak, Luxenburgora bidaiatuko duten sei taldeetako bi izango baitira. Euskal kantak oinarri hartuta, biolin, biolontxelo, saxofoi, flauta, perkusio zein piano doinuak eta ahotsak uztartuz osatuko dute egitaraua lehenek; bigarrenek, aldiz, trikiti eta pandero doinuak erabiliko dituzte erro tradizionala plazaratzeko. Debagoiendarrekin batera, Errenteriako –dantza–, Bilboko –hari taldea–, Donostiako –big-band– eta Hernaniko –konbo– taldeak joango dira musikari gazteen jaialdira.
Launa kontzertu
Hiru eguneko jaialdia izango den arren, egitarau betea izango dute musikariek. Izan ere, launa kontzertu eskainiko dituzte plaza eta agertoki ezberdinetan; zehazki, bana maiatzaren 26 eta 27an, eta bina, aldiz, jaialdiko azken egunean. Marije Ugalde eta Maider Zapirainein gidaritzapean, Euritan dantzan, Errefuxiatuena eta Negua joan da ta joko dute, besteak beste, bergararrek; oñatiarrek Araban Bagare, Iñundik Iñoare edota Albiztur kantuak eskainiko dituzte, Jaione Intxausti, Arantzazu Bikuña eta Arantxa Iturrioz buru direla.
Aurkezpen kontzertua
Europa ipar-mendebaldera bidaiatu aurretik, musikari gazte bergararrek aurkezpen kontzertua eskainiko dute Pol-Pol tabernako terrazan. Maiatzaren 22an, domeka, izango da emankizuna, arratsaldeko 19:00etan.