Bailarako ondare geologikoa gertuagotik ezagutzeko doako irteerak antolatu ditu asteburu honetarako Debagoieneko Mankomunitateak. Hamabi ibilaldi dira eta Geoturismo Debagoienaren egitarauaren barruan daude. Naturaz gozatzeko eta hormak nahiz harriak beste begirada batez ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek. Txango horietan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena emanda egotea.
Maiatzaren 14an, zapatua, 09:00etan eta 11:00etan, Arrasateko Galarreko kobak bisitatu ahal izango dira. 09:30ean, berriz, Uretsen Ibilbidea osatuko da. Bergarako geologia ezagutzeko txangoa ere antolatu dute, eta arratsaldeko hiruretan izango da hitzordua.
Domekan ere egongo da zer bisitatu. 09:00etan, batetik, Arrasateko Kobandi eta Lezetxikira egingo dute bisita. Bestetik, 09:30ean, Antzuolako geologia ezagutzeko txangoa izango da.
Jarduerak Geoaizkorrin
Geoaizkorrik ere hartuko ditu jarduerak asteburuan zehar. Zapatuan, adibidez, 6 urtetik gorako haurrei zuzendutako Espeleotxiki bisita eskainiko dute Arrikrutzen, 10:30ean; Oñati Geomonumentala, berriz, 12:00etan izango da.
Domekan, bestalde, Arrikrutzeko kobak bisitatuko dituzte izena emanda dutenek, 10:30ean. Gatzak ere badu lekua egitasmo honetan, eta 11:30ean, Urre Zuriaren Paisaia bisita gidatua egongo da Leintz Gatzagan.
Halaber, bi egunetan Bizipottoka jardueraz gozatzeko aukera egongo da: zapatuan, 16:00etan; eta domekan, 11:00etan.