Korrikaren lekukoa hartu eta abian da Euskaraldia

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko mai. 13a, 10:33

'Belarriprest' eta 'Ahobizi' Korrikaren lekukoa hartzen, asteon, Arrasaten. (Argazkia: Xabi Urzelai)

Debagoieneko hainbat herritan dagoeneko hasi dira aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten; halaber, Euskaraldiaren antolatzaileek batzordeetan partaide aktibo izateko eta ekimenean parte hartzeko dei egin diete herritarrei.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra ospatuko da Euskaraldia aurten, eta joan den astelehenean egin zuten hirugarren edizioaren aurkezpen ekitaldia, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Bertan izan ziren Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailea.

Hain zuzen ere, Korrika, Euskaraldia eta halako ekimenak beharrezkoak direla azpimarratu zuten koordinatzaileek. Bestalde, gaineratu zuten "entitateei euskarazko praktika linguistikoak bultzatzeko neurri zehatzak hartzeko" eskatuko dietela aurtengo Euskaraldian. Horretaz gain, batzordeetan partaide aktibo izateko eta Euskaraldian parte hartzeko dei egin zieten herritarrei.

Euskaraldia Debagoienean

Euskaraldia batzordeak martxan jartzen eta aurtengo ariketa sozialaren aurkezpenak egiten hasi dira dagoeneko Debagoieneko zenbait herritan. Arrasaten, esaterako, eguenean egin zuten aurkezpen bilera. Horretaz gain, aurtengo edizioaren antolakuntza ere izan zuten hizpide.

Eskoriatzan, berriz, foroko bilera duela astebete egin zuten, eta ekimenari forma nola eman lantzen ari dira. Ekintza gehienak udazkenerako utziko dituztela adierazi dute antolatzaileek, eta zer antolatu pentsatzen hasi dira. Halaber, adierazi dute gazteekin "lanketa berezia" egingo dutela, baina oraindik zehaztasun handirik ez daukate.

Bergaran, Udala eta Jardun euskara elkarteko ordezkariak lanean ari dira. Jarduneko ordezkariek aurreratu dutenez, dinamizatzaileak bilatzeko deialdia egingo dute datozen asteetan. Gainera, batzordeak irailetik aurrera martxan jartzea aurreikusten dute.

Oñatin Udala eta Topagunea ari dira Euskaraldia antolatzen. Maiatzaren amaiera edo ekaina hasieran batzordea sortzeko eta ekimena martxan jartzeko deialdia egingo dute. Aurrerago jakinaraziko dute data zehatza. Bestalde, jakinarazi dute aurten dinamizatzailea kontratatzeko asmoa dutela irailetik abendura bitartean, egun erdiz.

Aretxabaletan eta Elgetan, aldiz, datozen egunetan deituko dituzte batzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak