Joan zen domekan Reinosako duatloi egokituko lasterketaren lehen edizioa jokatu zen. Hiru duatleta izan ziren Kantabria hegoaldeko herriko irteera marran; tartean, Joseba Azkarate oñatiarra. PTWC H1 kategorian lehiatzen dihardu Bergarako Antxintxika Triatloi Taldeko kirolariak; hots, hanketako mugikortasun "nahiko mugatua" eta beso zein bularrean ere ezgaitasunen bat duten duatleten mailan. Lehena izan zen bere kategorian.
Taldeko arduradunek Goienari adierazi diotenez, "beste ate bat" zabaldu zuten duatloi egokituko lasterkariek Reinosan: "Josebak erakutsitakoak etorkizunerako indar handia ematen dio kirol egokituari". Izan ere, lasterketa "oso gogorra" izan zen oñatiarrarentzat, tenperatura altuei eta ibilbidean zehar izan zituzten harrizko galtzadei aurre egin behar izan baitzion.