Azken datuen arabera, Espainian 390.000 eta 470.000 pertsona artean bizi dira modu irregularrean; horietatik, heren bat, adingabeak. Egoera ikusita, migratzaileak dira ILP bat martxan jarri eta ekimena gidatzen dutenak. Hainbat gizarte-erakunde daude atzean, eta haien helburua da migratzaileak eskubide osoko pertsonatzat hartzen duen herrialdea osatzea.
Sinadura-bilketa 2021eko abenduan jarri zuten martxan. Hala ere, ekimen hori Diputatuen Kongresuak aintzat har dezan, 500.000 sinadura batzeko beharra dago. Bost hilabetean 170.000 baino gehiago lortu diren arren, oraindik ere sinadurak falta dira helburu duten kopurura iristeko. Horretarako epemuga datorren irailaren 23a da.
Aipatu bezala, Debagoieneko Ezker Kultur Gunea sinadura-bilketa honetan parte hartzen ari da. Beraz, sinatu nahi duenak aukera izango du astelehenetik eguenera 17:00etatik 19:00etara Aldai kaleko 9an –behean– duten lokalera joateko.