Ligako debagoiendarren arteko azken derbia ez da ikusteko erakargarria izan. Bi taldeak aparteko presiorik gabe zelairatu dira, sailkapenean dagoeneko egin beharrekoak eginda daudelako, eta gehiago zen egoera onean dagoen berdegune baten bueltan gozatzea, eta giroak lagundu egiten zuen, gainera. Baina, lehenengo zatian bai batekoek eta bai bestekoek akats mordoa egin dituzte, baita paserik errazenean ere. Bergara kokatu da zelaian apur bat hobeto, eta kontraeraso batean, arrasatearren baimenarekin, Bergarakoek 1-0ekoa egin dute, hain zuzen, partiduan izan duten lehen aukeran. Najera izan da golegilea, baloia Mondrako atezainaren aurrean ondo loratu eta gero.
Bigarren gola ere lehenengo zatia amaitu aurretik egin du Bergarak, Azpiazuren bitartez, eta partidua asko zaildu zaio talde arrasatearrari (2-0). Hala ere, bigarren zatian norgehiagoka berdintzeko asmoz irten dira zuri-moreak, eta hasieran Bergara eroso egon bada ere, minutuek aurrera egin ahala Arrasatekoen gol aukerak azaltzen hasi dira, gutxinaka izan bada ere. hala, Iker Sanchezek markagailuko aldea txikitu du (2-1), eta gertuago egon da Mondraren 2-2koa Bergarakoen 3-1ekoa baino. Hain zuzen, jokaldi baten baino gehiagotan zuri-moreek protesta egin dute, ez zeudelako epaileen erabakiekin ados, baina horrek ere ez du emaitzean eragin. Bergarak egindako bizpahiru gauzak ondo egin dituelako irabazi du derbia, eta bi taldeek erakutsi dute dagoeneko gasolina depositua agortu zaiela, eta denboraldiko talde-afarian pentsatzen hasita daudela. Merezi dute.
Aretxabaletak, Touringen bisita
Bi talde horiek agur esan diote aurrealdeko borrokari, baina bihar Ibarran (16:30) batuko diren Touringek eta Aretxabaletak oraindik asko dute jokoan. Errenteriakoek puntu bat behar dute liga irabazi eta mailaz igotzeko, eta zenbait autobus etorriko dira Aretxabaletara, zalez beteta. UDAko mutilek, kontrara, joan den astean derbia irabazita oraindik aukerekin daude Elgoibar harrapatzeko, nahiz eta eurek partidu guztiak irabaztearekin batera Elgoibarren hutsen zain egon behar duten. Lau puntuko aldea dago bi talde horien artean, eta bederatzi daude jokoan.
Azkenik, Aloña Mendik galdu egin du gaur Oiartzunen zelaian (3-1), eta datorren asteburuan azken sailkatu Allerruren zelaian jokatuko dute. Azken partidua, berriz, Azkoagainen jokatuko dute, Hernaniren kontra.
Bergarak irabazi, Leintz Arizmendik galdu
Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, Bergarak 5-2 irabazi dio Urnietari etxean, eta Leintz Arizmendiko neskek, kontrara, galdu egin dute, 5-2 Lagun Onaken kontra.