XIX. Azkoitiko Duatloia, 158 korrikalarik hartu zuten parte, tartean hainbat debagoiendarrek. Herriko probaz gain, Euskadiko Txapelketa ere jokatu zen bertan.
Emakumezkoetan, herriko txapelketaren irabazlea Enara Oronoz izan zen, 02:11:12 denborarekin; bigarrena Miren Apraiz, 02:19:23 denborarekin; eta hirugarrena Miren Josune Bikuña oñatiarra, lanak 02:24:26 denboran amaituta. Bikuña gainera, V2 kategoriako irabazlea ere izan zen. Eta V1 kategorian Aloña Mendiko lasterkari Olatz Korkostegik irabazi zuen.
Maxixatzen tokiko komunikabideak bertatik bertara jasotako kronikan azaldu dutenez, emakumezkoetan Enara Oronozek hasiera-hasieratik hartu zien gainerako lasterkariei aurrea, eta duatloi guztia egin zuen hark lehen postuan.
Gizonezkoetan, Pello Osoro izan zen irabazle, 01:54:12 denbora eginda; haren atzetik bere taldekide Mikel Mujika, 01:55:52 denborarekin, eta hirugarren Ander Segurola, proba 01:56:58 denboran amaituta.
Bestalde, kirol egokituko proban Alfonso Lopez izan zen helmugaratzen lehena eta Joseba Azkarate oñatiarra bigarrena.
Maxixatzen.eus-ek jaso du lasterketako argazki galeria zabala.