Emanaldiak bi zati izan zituen. Lehenengoa EHUko orkestra sinfonikoak eskaini zuen eta lau pieza instrumental jo zituen Doru Artenie zuzendariak gidatutako musikari taldeak. Beethoven, Bach, Grieg eta Handelen piezak, laurak.
Bigarren zatian gehitu ziren EHUko abesbatzako zein Bergarako orfeoiko kideen ahotsak. Aitor Biain Bidarte oñatiarrak zuzentzen ditu bi taldeak eta Mozarten Sparow mass meza eta Aveverum-a eskaini zituzten orkestra sinfonikoarekin batera. Barkalari lanetan aritu ziren Bergarako lau lagun: Nere Ibarra, Ainara Uribesalgo, Aitor Garitano eta Karlos Etxaniz
Pandemia aurretik abiatutako egitasmoa da Naturaren Oihartzunak. Tamalez behartutako etenaldia etorri zen bat batean. Zailtasunak zailtasun proiektuak berreskuratu eta bi emanaldi egin dituzte aste bukaeran; lehenengoa Abandoko elizan barikuan eta bigarrena Arantzazuko santutegian zapatuan.
"Oso gustura gaude emaitzarekin", azaldu zuen emanaldi amaieran Aitor Biainek. "Arantzazu plaza gogorra da; santutegia handia da eta espazioa bete egin behar da, baina uste dut lan oso txukuna egin dela". Iritzi berekoa zen emanaldi amaieran ere Doru Artenie, EHU-ko orkestra sinfonikoko zuzendaria. "Ikaragarri gozatu dut Bergarako orfeoiarekin eta EHUko abesbatzarekin".
Bakarlariak ere pozik
Esan bezala Bergarako orfeoiko kide Nere Ibarra, Ainara Uribesalgo, Aitor Garitano eta Karlos Etxaniz izan dira barkalari lanetan kontzertuan. "Oso-oso ondo joan da. Nik behintzat oso gustura abestu dut. Tokia oso polita da, gainera", adierazi du Ainara Uribesalgok. Gustura zen, baita ere, Aitor Garitano. "Aste bukaera nahiko intentsoa izan da; bi kontzertu egin ditugu jarraian eta talde handia da mugitu behar dena; izan ere, orkestra sinfoniko bat eta bi abesbatza gara. Baina esperientzia oso polita izan da".
Karlos Etxanizek lantaldean dagoen giroa nabarmendu du. "Sekulako ekipoa dago hemen. Bergaran zaletasun handia egon da beti eta uste dut hortik ere badagoela, eta argi dago lana eginda emaitzak lortu egiten direla".
Etorkizunera begira
Pozik Naturaren Oihartzunak emandakoarekin badirudi hiru taldeen harteko elkarlanak jarraitu egingo duela. "Gaur hitz egin dugu bi zuzendariok eta datorren urterako dagoeneko badauzkagu ideia berriak, beraz honek jarraipen bat baduela ematen du", adierazi du Biainek.