Oñatiarrak aurreratu ziren lehen zatian, Julen Ugarteren gol batekin. Bigarrenean, Oier Gaztañagaren bi golekin, markagailua irauli zuten etxekoek, baina neurketa amaitzear zela egin zuen berdintzeko gola Julen Carrek.
Honela, Eskoriatzak sailkapenean atzetik duen Egintzak gaur egingo duenaren zain egon beharko du. Irabazi egiten badu, hurrengo astean Lazkao liderraren kantxan irabazita ere ez lukete nahikoa eskoriatzarrek mailari eusteko, Egintzak azken norgehiagoka ere irabaziko balu.
Aloñak, berriz, dagoeneko igoera faserako sailkatua, azken jardunaldian jakingo du ze postutan amaituko duen, eta igoerarako partiduetan, finalerdietan, itzulerako lehia etxean edo kanpoan jokatuko duen. Sailkapeneko lehen laurek jokatuko dute igoera fasea, eta finalerako sailkatzen diren biak igo egingo dira.