2019an egin zuten azkenekoz eskualdeko dantzari helduen topaketa, Oñatin ziren hurrengo urtean egitekoak, baina urteurreneko ospakizunetan buru-belarri ari zirela-eta Aretxabaletakoei eskatu zieten lekukoa hartzeko, eta bihar egingo dute pandemiak bi urtez atzeratu duen topaketa.
Herriko dantzariez gainera, Antzuolako Oinarin taldekoak, Oñatiko Oñatz taldekoak eta Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak taldekoak izango dira.
Kalejira eta alardea
"Gogotsu gaude, nahiz eta biharko egitaraua ez den guk gura besteko zabala izango, ez dugu bazkaririk antolatu. 09:00etan hasiko dira dantzariak heltzen eta 11:00etan abiatuko dira guztiak kalejiran, Aretxabaletako txistularien eta gaiteroen laguntzarekin, eta ondoren, 11:30ean, alardea edo dantza saioa hasiko dugu Herriko Plazan; eguraldi txarra eginez gero, Iturrigorri frontoian izango da", dio Leizarra Musika Eskolako zuzendari Mariatxen Urkiak.